LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxealde eta Hiru sindikatuek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Lodosan lan-istripu hilgarria izan zuen garraiolariaren heriotza salatzeko. Sektorean lan-baldintza duinak galdegin dituzte patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte lelopean.
Errenteriako kamioilariaren heriotza salatzeko elkarretaratu egin dira urriaren lehenengoan. Sindikatu bostek aurten guztira laneko gaixotasunek eragindako heriotzak aintzat hartu gabe 43 langile hil egin direla salatu dute. Azken urteetan adierazi izan duten bezala, “garraio sektorean istripuen intzidentzia oso altua da. Urtero, batez beste, garraiolari bat hiltzen da hilero. 2024an, dagoeneko 10 garraiolari hil dira lan-istripuz”.
Sindikatuek aditzera eman dute heriotza horien atzean dauden faktoreak: “gainetik nagusitzen den arrazoi bat dago: sektorean gero eta hedatuago dagoen prekarietatea”. Euren hitzetan, “garraio sektoreko lan-baldintzak oso eskasak dira: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan-baldintzen ondorioz dieta osasungarria egiteko zailtasunak, etaabar. Horrek guztiak istripuak gertatzeko aukerak areagotzen ditu, baita arazo kardiobaskularrak izateko arriskua ere, ikusten ari garen emaitzekin”.
Bost sindikatuen arabera, garraio sektorearen prekarietateak “erantzuleak ditu”. Horien artean lehena aipatu dute garraioaren hitzarmena berritzearren aurkako "jarrera inmobilista" duen patronala. “Hamabost urte baino gehiago daramatzagu sektoreko garraiolarien lan-baldintzak hobetu gabe. Izan ere, Gipuzkoako sektoreko azken hitzarmena 2009koa da. Beraz, ez da harritzekoa sektoreko langileen zahartzea, eta horrek istripuak izateko arrisku handiagoa dakar”, azaldu dute.
Garraioa beste sektore guztiei jarduna ematen dien oinarrizko sektorea dela berretsi zuten sindikatu bostek, eta “ezin dituela duela hamabost urteko lan-baldintzak izan”. Patronalaren “zigorgabetasunarekin amaitzeko” erakundeek konpromisoa erakutsi behar dutela”, azpimarratu dute. Euren hitzetan, sektorean jazotzen diren heriotza kopuru altuaren aurrean ezikusiarena egiten badute “gertatu zenaren eta gertatuko denaren konplize izango dira”.