argia.eus
INPRIMATU
Errenteria eremu tentsionatu izendatuko dute, etxebizitzaren arazoari aurre egitea helburu
  • Geroz eta zailagoa da Errenterian etxebizitza eskuratzea. Etxe gutxi daude, eta garesti, gainera. Horregatik abiatu zuen Udalak gune tentsionatu izateko prozesua, eskaera Eusko Jaurlaritzari luzatuta. Asteazkenean egingo dute ofizial izendapena. Horrek aukera emango du Errenterian alokairuaren prezioak arautzeko.

ARGIA @argia 2024ko urriaren 01

Errenterian, azken hamar urteetan "proportzionalki" hazi dira biztanleria eta etxebizitza kopuruak, Udalaren hitzetan, baina herrian egin duten diagnostikoak erakutsi du "etxebizitza-hornidura nahikoa ez izateko arrisku berezia dagoela", kontuan izanda, gainera, etxebizitza hutsen parke oso txikia duela (% 5,5), nahiz eta bigarren etxebizitza kopurua murriztu egin den (% 7,7).

"Biztanleriaren hazkundeak eta zahartzearen eta egungo dinamiken ondorioz etxebizitza-parkearen erabilera ez hain intentsiboak eskarian presioa eragiten dute, eta horrek etxebizitzaren prezioak igotzea dakar", azaldu du Errenteriako Udalak. "Egoera hori larriagotu egiten da Donostiako metropoli-eremuko etxebizitzen garestitzeak eragiten duen presioagatik; aldi berean, horren ondorioz, gazteak inguruko beste udalerri batzuetara joaten ari dira, hala nola gurera".

Etxebizitzaren prezioak pixkanaka gora egin duenez, alokairuko etxebizitzen kopurua %73 hazi da azken hamarkadan Errenterian. "Baina, era berean, merkatu librean alokairua ordaintzeko zailtasunak nabariagoak izatea eragin du". Horren adierazle da Etxebiden dagoeneko emantzipatuta dauden familien etxebizitza babestuaren eskaera handia, "etxebizitza babestuan alokairuak ordaintzeko hilero egiten duten ahalegina murrizteko helburuarekin".

Egoera horren aurrean, "beharrezkoa da tresnak eta ahaleginak areagotzea, hain konplexua eta beharrezkoa den etxebizitzaren esparruari heltzeko"; Errenteria tentsiopeko eremu izendatzea mugarri izan daiteke.

Errenteria izango da Jaurlaritzak eremu tentsionatu izendatuko duen lehenengo udalerria. Halaber, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok gogorarazi du Zumaiak, Lasarte-Oriak eta Galdakaok (eremu konkretu baterako) ere prozesua abiatu dutela. "Eusko Jaurlaritzak orain arte jaso dituen lau eskabideak dira, baina badakigu Irunek eta Donostiak ere dokumentazioa urrian zehar entregatzea aurreikusten dutela eta beste bi hiriburuak, Bilbo eta Gasteiz, euren proposamenak aurkezteko prozesuan murgilduta daudela", erantsi du. "Guk eskabideak Ministeriora bidaltzen ditugu, eta Ministerioak 3 hilabete ditu eremu tentsionatuaren izendapena onartzeko".