argia.eus
INPRIMATU
Alokairu duinen alde egiteko, Maizterren Sindikatua sortu dute Bartzelonan
  • Alokairuen prezioak gorakada handia izan du Bartzelonan, baita etxebizitzaren espekulazioak ere. Baina hemendik aurrera Maizterren Sindikatua martxan dago etxebizitzarako eskubidea eta alokairu eskuragarriak defendatzeko helburuarekin.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 11
Sindicat de Llogaters sindikatuak egindako aurkezpena. (Arg.: Sindicat de Llogaters)

Hiri hartako alokairuen prezioek puntu goren historikoa jo dute aurten. Metro karratua 16,1 eurotan dago eta Generalitateak dio %9 igo dela iaztik (iaz 13,2 eurotan zegoen), Eldiario.es medioan irakurri ahal izan dugunez. Batez beste, 800 euro inguru balio du alokairuak Bartzelonan. Egun 200.000 etxebizitza daude alokairuan hirian.

Igoera horren erantzuletzat pisu turistiko irregularren hazkundea eta inbertsio fondoek hirian egiten dituzten eraikinen erosketak jarri ditu, besteren artean, medioak. Gainera, PPren Gobernuaren etxebizitza politikak egoera okertu du; alokairuaren iraupen minimoa bost urtetik hirura murriztu du, eta etxebizitza eskuz aldatzeko erraztasunak espekulazioa areagotu du. Aurten eta 2019 bitartean 47.000 alokairu kontratu amaituko dira.

Egoera horren aurrean, errentarien alde lan egiteko sortu dute sindikatua, Europako beste hainbat herrialdetan azken hamarkadetan egiten daramaten antzera. Suedian, esaterako, 1920ko hamarkadatik darama funtzionatzen halako sindikatuak, eta milioi erdi afiliatu ditu. Mundu mailan ere halako 45 sindikatu biltzen dituen erakundea dago, Maizterren Nazioarteko Batasuna.

Bartzelonan bertan ere esperientzia zabala du lan horrek. Jada 1931n errentarien greba antolatu zuten eta milaka errentarik hartu zuen parte. Etxebizitzen prekarietateari eta prezioen gorakadei erantzuteko alokairua ordaintzeari uko egin zioten, eta protestak egin zituzten jabeen etxeen aurrean.

Madrilen ere aurki antzeko sindikatua sortzeko asmoa adierazi dute.