argia.eus
INPRIMATU
Erreniega mendian frankistek hildakoen omenez oroitarriak jarriko dituzte
  • Erreniegako Ilobiak kolektiboa ari da memoria historikoa berreskuratu nahian lanean. Erreniegan hil zituztenak gogoan izan eta Memoria Historikoaren Gune deitzeko eskaera egin dute.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko urriaren 05a

Memoria Historikoaren gaian, aurrera pauso nabarmenak eman dira legealdi honetan. Besteak beste, Memoria Historikoaren Legea onartueta garatzen ari baitira.

Erreniega mendian frankismoak fusilatu zituztenak eta bertan lurperatutakoak gogoan izateko egitasmoa du eskuartean Erreniegako Ilobiak izeneko kolektiboak. Herritarren taldea da kolektibo hori. Garai haietan euren senitartekoan hil zituztenen bilobak asko. Eta eskuartean proiektu bat dute. Memoriaren Lekuak izenarekin Erreniegako tontorrean oroitarriak jarriko dituzte azaroaren 19an. Hemeretzi harri. Erreniega mendia inguratzen duten herri bakoitzeko bat, eta beste bat, Erreniegan hil zituzten eta oraindik ere ezagutzen ez diren edo desagertuta segitzen duten horien omenez.

Proiektu oso baten zati bat baino ez da izanen. Gainerakoan, Gobernuaren, erakundeen eta alderdien konpromisoa behar direla uste dute. Besteak beste, Memoriaren Leku horiek ongi seinalatuak egotea eskatu dute.

Eta Memoriaren Leku horiek nola erabili, omenaldi izateaz haratago? Bada, alde batetik hezkuntzan. Memoriaren Eskolak egitasmoaren baitan sartuak daude zenbait ikastetxe dagoeneko eta ari dira lantzen. Ostizen izandako desobiratzeetan ikasleekin izan ziren, Gurs-eko kontzentrazio eremuan ere bai eta Gerra Zibilari buruzko elkarrizketak egiten dizkiete aiton-amonei ikasleek. Historia modu teorikoan aztertzeaz gainera praktikoan egiteko aukera eskaintzen dute halako memoriaren tokiek. 

Gogoeta eta hausnarketarako bide izan daitezke halako esperientziak jaso ahal izatea. Tresna baliagarri izan daitezke. Eta badute esperientziarik dagoeneko.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra