argia.eus
INPRIMATU
“Errelato historikoek begirada koloniala dutela kontziente izateak ez du esan nahi gaur egun arrazakeria gutxiago dagoenik”
  • Geu Afrikarrok erakusketa ikusgai da otsailean Gasteizko Montehermoso kulturunean, eta hainbat ekimen antolatu dituzte horren bueltan. Ostiral honetan egingo duten "Begirada kolonialak, ikus-entzunezko baliabideak eta estereotipoak" solasaldiko parte-hartzaileetako batekin hitz egin du ARGIAk, “kolonizatua exotiko, arraro, atzeratu, beldurgarri, biolento… gisa aurkezten dituzten pelikulak” hizpide, besteak beste.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko otsailaren 23a
'Mendebaldeko' deituriko estatuen errelato historikoak aldatzeko beharraz gogoetatu nahi dute ostiraleko saioan. "Geu Afrikarrok" erakusketakoa da argazkia.

Francisco de Vitoria institutuan izango da solasaldi irekia, otsailaren 24an, 13: 00etan. Tamara Moya, Farshad Zahedi eta Miguel Fernandez Labayen irakasle eta ikertzaileak arituko dira. Azken horrek kontatu digunez, iruditeri kolonialaren kontrol eta zabalkuntzan zinemak eta hedabideek izan duten rolaz hitz egingo dute: “Nola hedabideek ezberdintasun kultural eta etnikoak eraikitzen dituzten, sarri ezjakintasunetik eta Europan eraikitako begiradatik. Bi helburu ditu solasaldiak: pentsatzea zeinen gutxi dakigun tradizionalki ‘Mendebaldeko’ deituriko estatu eta nazioek dominatu eta espoliaturiko lur eta kulturen inguruan; eta errelato horiek aldatzeko beharraz hausnartzea”.

Horretarako, esan digu, inportantea da gutxietsiak edota azpiratuak izan direnek kontatzea historia: “Naturalizatu dugu norbaitek hitz egitea ez dituen bizipen, leku eta kulturez, eta errelato hori aurkeztea ikuspegi bakar moduan, baina nola hitz egingo dugu gai hauetaz, migrazioa, arrazakeria edo Afrikan bizitzea esperimentatu duten pertsonak entzun gabe?”.

"Naturalizatu dugu norbaitek hitz egitea ez dituen bizipen, leku eta kulturez, eta errelato hori aurkeztea ikuspegi bakar moduan"

Dinamika kolonial hauek eta horien ondorio lazgarriak ikusteko dokumental sail interesgarri bat gomendatu digu Fernandezek: Exterminate All the Brutes (Basati guztiak akabatu), Raoul Peck zuzendariarena. HBOn dago ikusgai.

Historikoki izan dugun begirada kolonialaz jabetzeko ekimenak gero eta gehiago direla aipatu diogu Fernandezi. Bere esanetan, “ziurrenik gaur egun kontzienteago gara errelato historiko hauek mundua ulertzeko modu bat pribilegiatu dutela eta nazioen handitasuna eraiki dutela konkisten diskurtsoen bidez, bestelako historiak isilaraziz. Baina kontzienteago izateak ez du esan nahi beste kulturen inguruko ezagutza handiagoa dagoenik edo arrazakeria eta intolerantzia gutxiago dagoenik. Alderantziz, askotan beste kultura eta gizarte batzuekiko erasoak handitu egin dira”.

"Eskoletan, zoritxarrez, autokritika gutxi duen jakintza da nagusi, menderatze egoerak natural gisa aurkezten dituena"

Eskolarentzako etxeko lanak: ikuspegia zabaltzea

Solasaldi irekia izango den arren, bereziki eskola komunitateari zuzendutako jarduna izango da ostiralekoa, eta eskolak gai honetan dituen erronkez mintzatu zaigu irakaslea: “Hezkuntzan, gakoa da jakintza ikuspegi zabal batetik fokatzea, mundua ikusteko eta dominatzeko modu bati erantzuten dioten kontakizun kultural eta historikoak egia bakar gisa aurkeztu ordez. Zoritxarrez, kontrakoa da ohikoa: autokritika gutxi duen jakintza da nagusi, menderatze egoerak natural gisa aurkezten dituena. XX. mendean Sahara edo Ekuatore Ginea Espainiaren menpeko izateari buruz zenbat ikastetxetan hitz egiten da?”.

Bertaratzen direnekin, norbere esperientzia arrazial eta kolonialen inguruan hitz egiteko asmoa ere badute: “Esperientziak eta begiradak partekatuz, esplotazioan eta sarraskian oinarritzen den mundua ulertzeko moduarekin kritikoak eta alternatiboak diren espazioak eraiki nahi ditugu”.

Geu Afrikarrok erakusketa otsaila bukaera arte egongo da Montehermoson: