argia.eus
INPRIMATU
Errekurtsoa aurkeztu dute bi mankomunitate eta Bilduko kargu ohiek, erraustegia egiteko kontratua etetea bertan behera utzi zuen epaiaren kontra
  • Tolosaldea eta Urola Erdiko mankomunitateek eta Bilduko 13 kargu ohik (tartean Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko zuzendari ohiak eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiak), errekurtsoa aurkeztu dute Donostiako Auzitegi Administratibo-Kontentziosoak abenduaren 23an eman zuen sententziaren kontra.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko urtarrilaren 30a

Naiz-ek jakitera eman duenez, Tolosaldea eta Urola Erdiko mankomunitateek eta Bilduko 13 kargu ohik (tartean Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko zuzendari ohiak eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiak), errekurtsoa aurkeztu dute Donostiako Auzitegi Administratibo-Kontentziosoak abenduaren 23an eman zuen sententziaren kontra. Sententzia horrek balio gabe utzi zuen 2013an Bildu agintean zela GHK-k kontratua eteteko hartutako erabakia eta enpresekin adostutako indemnizazioa (8,12 milioi euro Gipuzkoa CGR UTEarentzat eta hiru milioi euro egindako lanentzat).

Naiz-ek azaldu duenez, errekurtsoak bi oinarri hauek ditu:

Batetik argudiatu dute GHK ez dela administrazio publikoa eta kontratuak izaera pribatua zuela eta beraz, jurisdikzio zibilari dagokiola pleitu hau.

Errekurtsoaren bigarren oinarriak nabarmentzen du "interes publikoagatik" hartu zutela kontratua eteteko erabakia. Eta gehitu dute interes publiko hori frogatuta geratu dela Gipuzkoako Foru Aldundiak gerora hartutako erabakiekin, hain justu hasierako proiektuaren neurriak txikitu baititu. Nabarmendu dute errefusa sortzeko aurreikuspenak ez zituztela bete eta horren ondorioa zela azpiegituraren proiektua gaindimentsionatuta zegoela.

GHK-ko "kontu ilunak", hurrengo egunetan

Ainhoa Intxaurrandieta hurrengo hilabeteetan aterako duen liburua prestatzen ari da eta erraustegiaren gaian eta kudeaketa publikoan interesik duten herritarren artean jakin-mina sortuko du, espero baita bertan kontatuko dituela GHKren zuzendari izan zenak atzeman eta bizi izandako "irregulartasunak". 2013ko kontuak ziren, baina berriz ere itzuli dira bai persona eta bai bere agintaldia pil-pilera, Donostiako Auzitegiak balio gabe utzi duen honetan GHK-k kontratua eten eta horrela erraustegi proiektua gelditu izana.

Intxaurrandietak, Tolosaldeako Mankomunitateko lehendakari Josu Amilibiarekin 2016ko azaroaren 29an Zizurkilen eman zuen hitzaldian, lehen eskutik azaldu zituen GHK-ko zuzendari zela atzeman zituen "kontu ilun" zenbait, libururako modukoak horiek ere. Hurrengo egunetan izango dituzu irakurgai, Gaitzerdi blogean. Hona hemen, artikulu sorta horren atarikoa.