argia.eus
INPRIMATU
Errektoretzarako hauteskunde egunean Leioa “ikasle haserrez” betetzera deitu dute
  • "Azaroaren 24an, EHUko errektoretzarako hauteskunde egunean, Leioako campusa ikasle haserrez beteko dugu –iragarri dute Ikasle Abertzaleek–, EHU instituzio burges eta zapaltzaile gisa errefusatzen dugula argi adierazteko, eta ikasle boterearen artikulazio bidez sortzen ari garen kontra-botere espazioetatik herri langilearen mesedera egongo den jakintza eraikitzen hasiak garela aldarrikatzeko".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko urriaren 20a
Ikasleen mobilizazioa, pasa den martxoan.

Ikasle Abertzaleen esanetan, problema ez da errektore hau ala bestea, "unibertsitate eredu eta dominazio sistema hau baizik". Azken finean, eskaera zehatzetatik harago, "sakoneko arazoa" salatu nahi dute, eta bide batez, ikasle-baldintza duinen alde "ikasleok aurrera eramaten ari garen borrokak" islatu. Tartean, larunbatetako azterketekin amaitzeko, doako materiala bermatzeko, tasa altuegiak kentzeko edota euskaraz ikasi ahal izateko aldarrikapenak.

Urriaren 26an ere mobilizazioak, Steilas, ELA eta EHIGEk deituta

Bestalde, Nafarroan zuzenean eta EAEn Eusko Jaurlaritzaren Heziberri planaren bidez LOMCE legea aplikatzen ari direla ulertuta, Hegoaldeko ikastetxeetan ordubeteko lanuztera deitu dute Steilas eta ELA sindikatuek, urriaren 26 goizerako. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, manifestazioak egingo dituzte lau hiriburuetan. Ikasle Abertzaleak berak, LABek, Ikastolen Elkarteak eta Sortzen elkarteak ez dute bat egin ekimenarekin, egun horretarako Espainiako Estatuan deitu duten grebak Euskal Herriko beharrei erantzuten ez dielakoan.

Besteak beste, Steilasek eta ELAk kritikatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hezkuntzan "murrizketa dinamika jasanezina" daramatela, administrazio guztiek "errebalidez osatutako kanpo-ebaluazio sistema obsesibo eta perbertsoa" ezarri nahi dutela edota "euskarari lehentasuna eman ordez ingelesari ematen zaiola". Curriculum eta hezkuntza eredu propioa ere aldarrikatu dute.

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak bat egin du adierazpenarekin eta urriaren 26an "errebaliden kontra mobilizatzera" deitu dituzte familiak. "Gaur egun, euskal eskola publikoko familiok ez dakigu nolakoak izango diren kanpo-probak, ezta noiz eta nortzuk egingo dituzten ere. Hori dela-eta, argibideak eskatu dizkiogu jarduneko Hezkuntza sailburuari", gaineratu dute.