argia.eus
INPRIMATU
Errektoreak euskarazko murgiltze eredua onartu du hiru eskolatan, baina soilik lehen urtearentzat
  • Herriko eskolan euskarazko murgiltze eredua garatzeko eskarari dagokionez, erantzun ofizialik ez dutela jaso deitoratu dute Ortzaize, Arrosa, Aiherra, Larraine eta Idauze-Mendiko auzapezek. Bordaleko Akademiako errektoretzak zabaldutakoari prentsa-agiriari segi, Larraineko eskolaren eskaerari ez diote baikorki erantzun.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko abuztuaren 31

Prentsaurrekoa eskaini zuten atzo, abuztuaren 31n, Ortzaize, Arrosa, Aiherra, Larraine eta Idauze-Mendiko auzapezek, mezu argia zabaltzeko: "Murgiltze eredua eskaintzeko eskaerari buruz ez dugu oraindik erantzun ofizialik ukan, baina argi ukan dezatela borroka hau irabazteko motibatuak eta determinatuak garela". Prentsaurrekoaren bezperan zabaldu zuen Bordaleko Akademiako errektoretzak agiria komunikabideei, jakinaraziz Ortzaize-Arrosako, Aiherrako eta Idauze-Mendiko eskoletan murgiltze eredua irekitzea onartzen duela. Hala eta guztiz ere, ez du herriek galdetzen dutena onartu: ama eskolako hiru urteentzat luzaturik zuten eskaera eta bakarrik lehen urtearentzat onartu du murgiltze eredua.

Gainera, erantzun ofizialik ez dutela salatu dute auzapezek. Hori horrela, murgiltze ereduan hasiko dute ostegunean abiatzen den ikasturte berria. Irailaren 6an izanen dute irakasleen postu banaketa finkatzeko bilera ofiziala eta berantenik orduan ukan behar lukete erantzuna.

Murgiltze eredua lau eskolek lortu arte borrokan

Haatik, Larraineren eskaerari ez zaio baikorki erantzun. Haserre baina euskarazko murgiltze eredua eskaintzeko determinazioarekin agertu da Jean-Dominique Iriart Larraineko auzapeza: "Frantsesezko murgiltzea bideratzeko ez zuen inolako arazorik ukan Frantziak! Harrigarria da lekuko hizkuntzei buruz duen jarrera. Noizpait erreparazio historikoa ere bideratu beharko digu Frantziak". Errektoretzako gutunean irakurri daitekeenari segi, Larraineko kasuak "galdera bereziak" dauzka eta bere horretan ezinezkoa zaie baimena bideratzea. Eskola ttipia izanki, maila guztiak batzen dituen klase bakarra du herriak eta hori horrela, Hezkuntza ministeritzaren arabera murgiltzean ez diren klaseetan frantsesaren presentzia ez litzateke segurtaturik.

Konstituzio Kontseiluaren epaiaren itzala

Ostegunean hasiko da ikasturte berria. Oroit gara maiatzaren 21ean Frantziako Konstituzio Kontseiluak ezeztatu zituela Molac Legearen bi artikulu, tartean, murgiltze eredua lekuko hizkuntzan bideratzeko aukera –Konstituzioaren kontra doala ondorioztaturik–. Frantziako Gobernuak jakitera eman zuen aurtengo eskola sartzea orain arte bezala abiatzen ahalko dela. Larraine, Idauze-Mendi eta Ortzaize-Arrosako eskola publikoek eta Aiherrako eskola pribatuak murgiltze eredua garatzeko eskaera luzatu zuten iaz, behin baino gehiagotan mobilizatuz horren alde.