argia.eus
INPRIMATU
Errekorrak gainditzen dituzten suteak eta klima larrialdia
  • Aldaketa klimatikoak gero eta eragin handiagoa du suteen meteorologian eta erretzen den lurrazalean. Sute benetan suntsitzaileak ikusten ari gara eta datozen urteetan halako gehiagorako prestatu behar dugula dio Scientific Reports aldizkariko azterketa batek.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 19a

Berotegi efektua eragiten duten gasen isurketan murrizketa handirik ez bada, hurrengo urteetan errekorra gaindituko duen sute bat etorriko da, eta gero beste bat, eta gero beste bat… Hala kontatu dute La Marea agerkarian, Scientific Reports aldizkariko azterketa oinarri hartuta. Europan, udan eta udaberrian sortutako suteetan inoiz ez bezalako aldaketa ematen ari da azken hamarkadetan (1980-2000), klima larrialdiari lotuta.

Bero boladak gero eta gehiago dira eta lehorte hidrologikoa gero eta handiagoa; klima larrialdiak eragindako muturreko bi fenomeno horiek faktore oso garrantzitsuak dira ikusten ditugun sute suntsitzaileak eragiteko orduan.

Azterketak ere badio sute arriskua gehien handitu den zonaldea dela Europa erdi eta hegoaldeko baso eta mendialdea. “Muturreko arriskua handitze hau nahiko berria da eta unerik kritikoenetan Europako gizarteek suteari aurre egiteko dituzten gaitasunak gainditzen ditu, suari loturiko CO2 isurketak handituz”.