Elkarrizketa: Sustrai Colina / Argazkia: ETB
Rock taldeen revival-en ostean, ETBko telesailenak!
Dinosauro topaketa dirudi gureak. Bigarren zatiak ez direla sekula onak izaten dio esaerak. Ea gu esaera baieztatzen dugun salbuespena garen.
“Ez dira betiko garai onenak...”, kantatzen zuen Hertzainak-ek.
Orduan, ordu erdiko atala astebetean grabatzen genuen, lana ahal bezain ondo egitea zen kontua. Orain, audientziaren ezpata gainetik kendu ezinik gabiltza, eta hirugarren atalerako ez badu funtzionatzen, “aio pelaio!”.
Eskerrak ETBko zuzendaritzak ez dion lege hori bere buruari aplikatzen!
ETBk bere funtsa birpentsatu eta berriz flotatzen ikasi behar du, benetako apustuak egin. Noiz ulertuko dute produktu on batek audientzia eskasa izan dezakeela eta produktu txar batek audientzia handia?
Zer nahi duzu, denak ez dira zu bezain erromantikoak.
Euskal Herrian aktorea izateko idealismoa, bokazioa eta ilusioa behar dituzu. Urteak pasa eta zenbat egin dugu aurrera telebistan, antzerkian, eta kulturan orokorrean? Honek oasitxoak dauzkan basamortua izaten segitzen du.
Ez al ginen herri kulturazalea?
Donostian ekitaldi handiez gain ez omen delako ezer programatzen kexatzen gara, baina zerbait antolatzen denean non gaude? Gizarteak zein gizakiak kultura beharra daukate, baina premia hori hezkuntza eta politikatik elikatu behar da, bestela...
Zuek ere elikatu beharko duzue, ezta? Ez omen zarete jendeak uste bezain aberatsak...
Telebistan dena hainbeste aldiz errepikatzen dutenez, egun guztia bertan sartuta eta kobratzen ari garela uste du jendeak. Baina ez, telebistak ez daukala dirurik dio, ez da antzerkirik programatzen, bikoizketa hondoratu da...
Hasi beste lan batean!
Hori egiteko zorian egon naizenero jo du telefonoak. Oinarrizko aktoretzat daukat nire burua, eta gustuko dudanetik bizitzeko beste daukadan artean konforme. Errekonozimendua eskertzen da, baina bizi liteke hori gabe ere.
Eta bizi liteke norbere buruaren komertzial lanik egin gabe?
Oso garrantzitsua izan arren, ez dakit nire burua saltzen. Gaur egun, ez da aski aktore ona izatea, manager eta casting zuzendariek mozten dute pastela.
Zu lasai, lehen heriotzak berdintzen bagintuen, laster erretiroak berdinduko gaitu!
Gure txanda iristerako auskalo erretirorik egongo den! Dena den, aktoreontzat erretiroa utopia da.