argia.eus
INPRIMATU
Erreketeek Lezoko Etxetxo baserriko ama eta hiru semeak hil zituztela 85 urte bete dira
  • Maria Oiartzabal eta Domingo, Crisosotomo Enrique eta Sebastian Usabiaga Oiartzabal frankistek tiroka hil zituzten Mattejoane eta Miura baserrien artean.

Ikerne Zarate @zarateikerne Oarsoaldeko Hitza 2021eko uztailaren 28a
Erreketeek eraildako Etxetxo baserriko ama-semeen omenezko oroitarriaren inaugurazioa 2019an. Argazkia: Hitza

85 urte luze bete dira asteartean erreketeek, Etxetxo baserriko ama eta hiru seme erail zituztela. Duela 85 urte, 1936ko uztailaren 27an izan zen Lezon lehenengo gertakari tragikoa, eta egun horretatik irailaren 13ra gertatu ziren herrian frankismoarekin lotuta hamar urteko horretan izandako hilketa guztiak. Maria Oiartzabal eta Domingo, Crisosotomo Enrique eta Sebastian Usabiaga Oiartzabal frankistek tiroka hil zituzten Mattejoane eta Miura baserrien artean. Frankistek Oiartzun hartu zuten egun berean izan zen. Saiakerak egin zituzten Errenteria ere hartzeko, eta militarren aurreko taldeak Lezorantz ere abiatu ziren. Mariak eta hiru semeek Miura baserrira ihes egitea erabaki zuten, babes bila-edo mugimendu arraro haiek sumatuta; laugarren semea, soldaduskan zen garai hartan. Miura baserrikoa zen semeetako baten, Domingoren, neska laguna. Aita zelaian gelditu zen belar lanetan. Bidean, baina, erreketeekin egin zuten topo eta erail zituzten.

Lekukotasunen arabera, batzuek diote nahi zutela hiru seme horiek bat egin zezatela tropa frankistekin, beraiekin eraman nahi zituztela, uko egin ziotela eta horregatik hil zituztela; besteak dio, semeetako batek gerrikoaren belarrian ikurrina zeramala eta erreketeek ikusi ziotenean hantxe tiro egin ziotela. Bat edo beste, edo biak izan daitezke hilketa bidegabearen arrazoia. Gerriko hura zuloarekin, orain dela 20 urtera arte Miura baserrian gordea izan dute. Hiru semeak hil zituzten, amari hori ikusarazi eta ama azkena hil zuten; ondoren, bide bazterrean utzi zituzten.

Etxetxo baserriko ama semeen omenezko oroitarria 2019an inauguratu zuten, familiako lau kideak hil zituzten inguruan.

Etxetxo Memoria historikoko elkarteak  sustatuta, errepresio frankistaren biktimak aitortzeko adierazpena  adostu du udalarekin, eta horren berri emango dute etziko plenoan.

Etxetxo elkarteak, gogora ekarri du sare sozialen bidez duela 85 urteko Etxetxoko familiaren erailketa erreketeen eskutan, memoria, justizia eta erreparazioa, ezinbesteko direlako.