argia.eus
INPRIMATU
Errekaleorren 10. urteurreneko ekintzetan jasandako polizia jazarpena salatu dute
  • Errekaleor Bizirik auzoaren hamargarren urteurrena ari da ospatzen. Adierazi dutenez, 24 orduan lau identifikazio eta hiru isun jasan dituzte. Isunak mozal legea aplikatuta jarri dizkiete.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 28a
Astearteko bideo proiekzioan \"zipaio\" hitza entzuten zelako kide bati mozal legea aplikatu diote. (Argazkia: Errekaleor Bizirik)

Errekaleor Bizirikek hamargarren urteurrenean poliziaren jazarpena jasaten ari dela salatu du. Egitarauari hasiera eman zioten asteartean, eta 24 ordu baino gutxiagoan lau identifikazio eta hiru isun jaso dituztela azaldu dute.

Bideo-proiekzio batekin hasi zuten egitaraua asteartean, Andra Mari Zuriaren plazan. Bideoarekin "auzoaren historia eta momentu ezberdinak biziberritu" zituzten, "hiriaren erdigunera ekarrita okupazioaren auzia". Azaldu dutenez, ekimena aurrera eraman zuten, baina Ertzaintzak kideetako bat identifikatu eta isuna jarri dio. Mozal legea aplikatu diote, bideoan entzundako abesti batean "zipaio" hitza entzuten zelako.

Horrez gain, asteazken goizean urteurrenerako prestaketak egiten ari zirela, hainbat polizia kotxe sartu zen auzora eta hiru pertsona identifikatu zituzten. Mozal legea aplikatu diete haietako biri, desobedientzia egotzita. "Errekaleor asanbladak kontrolatzen du eta ez dugu bertan Poliziaren presentzia onartzen".

Igandera arte luzatuko da auzo okupatuaren urteurrenaren egitaraua. Askotariko ekintzak antolatu dituzte, besteak beste, kontzertuak, jolasak, kirol jarduerak, hitzaldiak, bazkariak eta tailerrak.