argia.eus
INPRIMATU
Errekaleorreko eraikinak egoera onean daudela ziurtatu dute arkitektoek
  • Arabako Arkitektoen eta Aparejadoreen kolegioen zigilupean, hamabost arkitektok sinaturiko txostena erregistratu dute gaur Gasteizko Udaletxean, Urtaranen gobernuak argudiatutako "segurtasun arriskuak" gezurtatuz.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 13a

Errekaleorreko eraikinen eraisketa proiektua bertan behera uzteko publikoki eskatua duten Oihane Perea, Txema Ramirez de la Piscina eta Bingen Mendizabalek txostena aurkeztu dute gaur, haren egile Almudena Pérez ondoan zutela, Gasteizko Udaletxean. Hamabost arkitekto eta aparejadorek sinatu dute azterketa.

Arabako Arkitektoen kolegioko kide da Pérez eta elkarte horrek zigilaturik dago txostena. ARGIAk dokumentua eskuratu du eta ondorioa garbia da: Errekaleor auzo autogestionaturiko etxebizitzetan ez da antzematen segurtasun arriskurik, "eraikinek ez dute epe ertainean arriskurik sor dezaketen egiturazko kalterik", dio txostenak.

Horrez gain, arkitektuek bermatu dute zaharberrituriko eraikinak "egoera ona" aurkezten dutela eta aurretik atzeman ziren hutsuneak konpondu direla zaharberritzearen ondorioz.

Adituek karga-murruen, aluminosiaren eta amiantoaren presentziaren inguruko balorazioa ere egin dute, Gasteizko Udalak bere "kezka" behin baino gehiagotan azaldu baitu horren inguruan: "Etxebizitzek bizigarritasun, garbitasun eta osasun baldintzekin konplitzen dute –dio txostenak– eta duela 60 urte eraiki baziren ere, kasik esan daiteke Gasteizko gaur egungo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra betetzen dutela".

Arkiektoak harago doaz, eta gomendatu dute zaharberritzearekin jarraitzea "orain arte egin den bezala", irtenbide hori eraikinak eraitsi eta berriak egitea baino "ekonomikoagoa eta jasangarriagoa" delako.

Errekaleor auzoa botatzeko motibazio nagusietako bat haren ustezko egoera kaskarra dela azaldu izan du Gorka Urtaran alkateak, auzokideen segurtasuna ez omen delako bermatzen. Txosten honek hankaz gora jarri du orain argudio hori.