argia.eus
INPRIMATU
Energia burujabetza
Errekaleorrek lortu ditu “irla energetiko handiena” izateko behar zituen 100.000 euroak
  • 1.200 lagunen diru-ekarpenari esker eguzki plaken bidez hornitu ahal izango dute Gasteizko auzoa. Jarritako epe-muga baino lehen lortu dute herritarren finantzazioa proiektu autogestionatuarentzat.

ARGIA @argia 2017ko uztailaren 20a

Maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak aginduta Ertzaintzak argia moztu zienean crowdfunding bidezko diru-bilketa kanpaina abian jarriko zutela iragarri zuten Errekaleor auzoko 150 biztanleek, euren behar energetikoak era burujabean ase ahal izateko. 40 egunen ostean lortu dituzte proiektua martxan jartzeko behar zituzten 100.000 euroak, euren buruari jarritako epe-muga baino hamar egun lehenago.

Eguzki plaken bidez autogestioaren bidean aurrera egin eta energia modu jasangarri eta burujabean lortzea dute helburu bizilagunek, horretarako 1.200 herritarren eta kolektiboren finantza laguntza izan dute.

Plakak gune batean zentralizatuko dituzte eta horren bidez emango diote argindarra auzo osoari. Hala, Errekaleor Euskal Herriko “irla energetiko” handiena bilakatu nahi dute.