argia.eus
INPRIMATU
Errekaleor: inpaktu linguistikoa
  • Joan den ostegun goizean Ertzaintza eta Iberdrolako langileak Gasteizko Errekaleor auzora sartu ziren, argindarra moztera. Gasteizko Udalak, horrelako erabakiak hartzen dituenean, arriskuan jartzen du euskarak arnasa lasai hartzen duen Gasteizko territorio libre bakarretako bat.

Manex Agirre Arriolabengoa Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko maiatzaren 23a

Joan den ostegun goizean Ertzaintza eta Iberdrolako langileak Gasteizko Errekaleor auzora sartu ziren, argindarra moztera. Eta inork pentsa dezake lehentasun gutxi duen ondorioa dela, edo badaudela eragin okerragoak, eta ez dela hau horrelako gauzetan pentsatzeko unea, baina esan beharra dago: Gasteizko Udalak, horrelako erabakiak hartzen dituenean, arriskuan jartzen du euskarak arnasa lasai hartzen duen Gasteizko territorio libre bakarretako bat.

Errekaleorreko auzokideei behin eta berriz entzun diegu, auzoan bizitzeko hartu duten filosofiarekin lotuta, beraien hizkuntza-hautua esplizitatzen. Ezaugarri berezidun auzoa da, baina berdin dio: ez duzu beste auzo-elkarte, egitura edo komunitaterik aurkituko, Gasteizen, hain erabaki irmoa hartu duenik. Errekaleor da, Gasteizen, une honetan, euskara gehien entzuten den auzoa. Arnasgunea deitu nahi dionak, hala deitzeko eskubide osoa du. Beste hainbat esparrutan praktikan jarritako gizarte eraldaketarako proiektua hizkuntzaren esparruan ere irmo aplikatu dute bertako auzokideek.

Eta hemen, gauzak egiten direnean, ondorio guztiak hartu behar dira kontuan. Segurtasun arrazoiak medio argindarra moztearen atzean beste asmo batzuk ere badaude, ez dago dudarik. Eta, inpaktu bat egiten duzunean, inpaktu horren ebaluazioa prisma askotatik egin beharra dago. Tartean sar daiteke eragin linguistikoa. Demagun, okerrenean jarrita, Gasteizko Udalak Errekaleor hustea erabakitzen duela, etorkizunean, auskalo zein asmo urbanistikoren aitzakiapean. Erabaki hori hartzen badu, beste gauza batzuen artean, euskaraz bizi den komunitate bat desagerrarazteko beldurrik ez duela.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra