argia.eus
INPRIMATU
Errekaleor eta ZADen arteko senidetze asteburua prestatu dute
  • Apirilaren 20tik 22ra Gasteizko Errekaleor auzoan "bizkitasun asteburua" egingo dute Bretainiako ZADekin.

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 21a
\"Bizkitasun asteburua\" iragartzeko prestatu duten afixa.

Jarraian Errekaleorretik ZADeko kideei bidali dieten mezua:

"Zorionik beroenak, Errekaleorreko hotzetik, zuen borrokak eman dituen fruituengatik. Eredu zaituztegu. Baina bidelagun ere bai: izan ere, zuekin egin nahiko genuke zaharra suntsitu eta jendarte berri baterako bidea eraiki. Aspalditik darabilkigu burutan, ZAD eta Errekaleorren arteko bixkitzea. Izugarri daukagu elkarbanatzeko eta keinu sinbolikotik at, benetan gorpuztu nahiko genuke aldebiko harremana. Gutako batzuk joan izan gara zuenera, zuetako batzuk gurera etorri, baina bada garaia honi merezi duen forma emateko. Auzolanak, tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak... elkarbanatzeko une polita izango da. Zuengandik ikasi eta elkarrekin gozatzeko gogoz gaude gu. Baita, harreman eta elkarlan honen bidez, erresistentziarako eta autogestiorako dinamika oro sendotzeko".

Urtarrilean Frantziako lehen ministro Edouard Philippek jakinarazi zuen bertan behera utzi zutela Bretainian 40 urtez Notre Damme des Landes eremuan eraiki nahi izan duten aireportua. Prentsaurreko berean esan zuen ZAD eremua gurutzatzen duten errepideak "zirkulazio librerako" prest behar dituztela, eta "legez kanpo dauden okupatzaileak joan egin behar dira udaberria baino lehen, edo kanporatuak izango dira".

Milaka ekintzailek ospatu zuten garaipen historikoa. Ikusteko dago zer gertatzen den desalojo saiakera horrekin.

Errekaleorren prestatu duten egitaraua:

Apirilak 20, ostirala:

17:00etan ZADeko lagunei harrera.

19:00etan iluntze feminista.

Apirilak 21:

10:00etan auzolanak

17:00etan hitzaldi eta topaketak.

20:00etan triki poteoa Gasteizko gaztetxera.

Apirilak 22:

10:00etan auzolan eta topaketa gehiago.