argia.eus
INPRIMATU
Errekaleor botatzeko proiektua: 34.370 euro eta hilabeteko epea
  • Gasteizko Bim Survey enpresari esleituko diote asteazkenean Errekaleor botatzeko proiektua egiteko lana. 34.370 euroko aurrekontua izango du eta hilabete batean egiteko konpromisoa hartuko dute.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 13a

Ensanche 21eko administrazio kontseiluak asteazken arratsaldean egingo duen ezohiko bileran esleituko du lana. Enpresa ez da Errekaleor botatzeaz arduratuko, proiektua egiteaz baizik.

Gasteizko Udaltzaingoari Errekaleorreko bizilagunak identifikatzeko eta auzitara eramateko ere eskatuko diote, kaleratze agindua soilik epaile batek eman dezake eta. Epaiketa izatekotan argituko da noiz hasi daitezkeen eraisketa lanak.

Errekaleor Bizirik mugimenduak mobilizazio kanpainarekin jarraituko du eta asteazken arratsalderako “Herri Adierazpena” egitera deitu du. “Zergatik nahi duzu Errekaleor bizirik?” galderari erantzungo diote, Ensanche 21en bileratik metro gutxitara. 18:00etan izango da hitzordua, Andra Maria Zuriaren plazan.