argia.eus
INPRIMATU
Errekaleor Bizirik: “Ez zaie komeni horrelako autoantolakuntza proiekturik”
  • Gasteizko Udalak Errekaleor auzoa hustu nahi du berriz. 2013ko irailean ikasle talde batek eraikin bat okupatu zuen eta geroztik asko dira auzora bizitzera joan direnak. Bestelako bizi eredua martxan jarri dute bertan, autoantolakuntza eta autogestioa oinarri dituena.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 03a

“Udaletik mugimenduak egiten ari dira. Ez zaie komeni autoantolakuntza posible dela erakusten duen proiekturik”, salatu dute Errekaleorreko bizilagunek Info7 irratian egindako elkarrizketan.

Auzoko etxe okupatuetako batzuk Ensanche 21 udal enpresarenak dira. Enpresaren arabera  etxebizitza batzuk “legez kanpo” okupatuta daude eta eraikinen egoerak bertakoen bizitzak arriskuan jartzen ditu. Hori dela eta, Udalak perituak bidaliko ditu auzora, etxebizitzak zein egoeratan dauden aztertzera.

Hala ere, Errekaleor Bizirikeko kideak arkitekto eta peritu ezberdinen iritziak biltzen dabiltza: “Lehenengo perituak hamabost blokeak aztertu eta estruktura aldetik ondo daudela esan du”.

Izaera handiko auzoa sorreratik

Errekaleor Gasteiz kanpoaldean zegoen auzo bat da. Elizak 60ko hamarkadan eraiki zuen langileei etxea emateko. Hasieratik auzo izaera indartsua izan zuen, auzo elkartea sortu eta behar zutena eraiki zuten; baita Udalari presioa eginez beste zenbait gauza lortu ere: zentro soziala, frontoi eta auzoaren urbanizazioa besteak beste.

XX. mendearen amaieran auzoaren itxura zaharkituak bere horretan jarraitzen zuen. Errekaleor botatzeko eta etxebizitza berriak eraikitzeko plana prestatu zuen Gasteizko Udalak. Baina 2013ko irailaren 3an ikasle talde batek Errekaleorreko eraikin bat okupatu zuen.  Auzoak ematen zituen aukerak ikusi eta Errekaleorren okupaziotik harago, alternatiba integral bat planteatu zitekeela ikusi zuten.

Gaur egun 100 lagun inguru bizi dira Errekaleorren, betiko auzokideak eta auzoa “biziberritzeko” asmoarekin bertara joandako ikasle, gazte eta “ez hain gazteak”. Geroz eta bizilagun gehiago dira. Horrelako proiektuek denbora behar dutela badakiten arren, neurri batean “egonkortu” egin dela diote.

Gai ugari lantzen dituzten taldeak dituzte eta horretaz gain, astero zinema edota perkusio entsegu irekiak antolatzen dituzte. Bi astero hitzaldiak prestatzen dituzte. Urtarrilean auzolanerako gonbidapena luzatu zuten Gasteizko bizilagunak Errekaleorrera hurbildu zitezen.

 

Auzoko bizitza agortu ez dadin okupatu dituzte etxe hutsak