Joan den astean Errekalden izandako "eraso matxista" errefusatzeko deia egin diete gaur arratsaldean bizilagunei auzoko elkarteek. Asteburuan, Ertzaintzako agenteek bi gizonezko atxilotu dituzte Bilbon, genero-indarkeriaren delitu bana leporatuta.
Erantzunik gabe ez uzteko eraso bat bera ere, Zutitzen Errekaldeko Nesken Elkarteak eta Errekalde Berriz Auzo Elkarteak astelehen honetan, hilak 14, joan den astean auzoan gertatutako "azken eraso matxista salatzeko" elkarretaratzea deitu dute, 20:00etan Errekaldeko plazan.
Genero-indarkeriaren lehenengo kasua joan den larunbatean goizeko seiak aldera gertatu zen, Otxarkoaga auzoko etxebizitza batean. Ordu horretan Ertzaintzak abisua jaso zuen emakume batek, honen lagun batek eta alaba adingabeak etxeko komunean sartu behar izan zutela esanez, bikotekide ohiarekin eztabaida bat izan ondoren labana batekin mehatxatu zituela eta.
Bigarren gizonezkoa igande goizaldeko ordu bi eta erdiak aldera atxilotu dute Bizkaiko hiriburuko Hurtado de Amezaga kalean. Jakin ahal izan denez, erasoa ostalaritza-establezimendu baten kanpoko aldean gertatu da, emakumeak bikotekide ohiarekin topo egin duenean.
Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.