argia.eus
INPRIMATU
IRITZIA
Erregimenaren krisia, egotekotan, nazioetan dago
  • Espainiako Estatu osoko ikuspegitik, maiatzaren 26ko hauteskunde hauek apirileko espainiar hauteskundeen bigarren itzulitzat planteatu dira, tokian toki beste agenda batzuk izan diren arren (bereziki espainiarrak ez diren mugimendu soberanista edo independentista indartsuak dauden lurraldeetan). Espainia mailako alderdien kasuan ulertzekoa izan da asmo hori, espainiar markoa alderdi horientzat mesedegarria baita.

Iker Iraola Arretxe @iraola_ 2019ko maiatzaren 27a

Espainiako Estatu osoaren ikuspegitik, maiatzaren 26ko hauteskunde hauek apirileko espainiar hauteskundeen bigarren itzuli-tzat planteatu dira, tokian toki beste agenda batzuk izan diren arren (bereziki espainiarrak ez diren mugimendu soberanista edo independentista indartsuak dauden lurraldeetan). Espainia mailako alderdien kasuan ulertzekoa izan da asmo hori, espainiar markoa alderdi horientzat mesedegarria baita.

Hauteskundeok, Europakoak alde batera utzita, udal mailakoak nahiz autonomikoak izan dira, azken hauen kasuan hamabi erkidegotan, Nafarroan barne. Irakurketa orokor batean, Alderdi Sozialista indartuta atera da, erkidego ugaritan irabazi baitu, Podemosen gainbeherari zein apirileko hauteskundeetako emaitza positiboei loturik. Gogoan izan behar da orain dela urte bete eskas arte PSOE krisi sakonean murgilduta zegoela, igandeko moduko emaitzak lortzeko itxaropenetik urrun. Baina irakurketa hori ozpinduta gelditzen da Alderdi Popularraren emaitzengatik. Oro har, PPk ez du erabateko gainbehera izan, eta garaipen sinboliko bat ere eskuratu du: eskuineko eta eskuin-mutur gogorreko beste indarrekin Madril hiriburuan nahiz erkidegoan agintzea, eta Ciudadanos alderdiak bera ez gainditzea. Halaber, Podemos eta IUren inguruko espazioak kolpe latza jaso du, hiriburu ugaritan, eta askotan haien proiektua zatiketarekin eta betiko ezkerraren ajeekin lotu da, Ernesto Laclauren eraginpeko hegemonia nahietatik urrun. Beraz, apirila-maiatzeko hauteskunde maratoi honetatik PSOE indartuta atera dela Espainia mailan, hauteskunderik gabeko ziklo nahiko luze baterako prest.

Alderdi Sozialista indartuta atera da, erkidego ugaritan irabazi baitu, Podemosen gainbeherari zein apirileko hauteskundeetako emaitza positiboei loturik

Marko horretan, udal hauteskundeetan begi guztiak Madrilera eta Bartzelonara begira jarri dira. Oro har, lehenengo hiria izan da nazioaren ikuspegitik espainiarra den lurraldearen erakusgarri. Gudu agonikoa planteatua zegoen bertan, zentro-ezkerraren eta eskuin gogorraren artean, Vox posfrankista ekuazioan ere sartuta. Alderdi Popularrak apirileko hauteskundeetako Sánchez efektuari galga jarri nahi zion, modu sinbolikoan bada ere Espainiako hiriburuan gotortuta, eta lortu duela esan daiteke. Emaitza horrek PSOEren lorpenari ñabardura esanguratsu bat ipini dio.

Euskal Herriko ikuspegitik, garrantzi berezia hartzen du Katalunian gertatutakoak. Azken hamarkadan, nazio aferari eta subiranotasunari loturiko konfrontazioaren gunea Euskal Herritik Kataluniara mugitu da, eta azken aldian bi herrietako independentismoaren arteko loturak indartu dira. Independentismoaren bilakaera prozesu luzea da, ezin dena hauteskunde klabeetan soilik interpretatu. Baina ikuspegi horretatik, nabarmena izan da Kataluniako independentismoaren bi adar politiko nagusien arteko lehia gogorra. Orain arte, Esquerra eta Junts per Catalunya-ren (oro har, Convergència osteko espazio politikoaren) arteko lehian, ERCk ez du Junts-en espazioari gailentzea lortu, apirileko espainiar hauteskundeetan izan ezik. Igandeko hauteskundeen ostean, bada, lehiak irekita jarraitzen du; izan ere, Puigdemonten zerrenda Europako hauteskundeetan ERCri erraz gailendu bazaio ere, zinegotzietan Katalunia mailan Esquerra gailendu da. Independentismoaren bi proposamenen arteko lehiak aurrera jarraituko du, beraz.

Euskal Herriko ikuspegitik, garrantzi berezia hartzen du Katalunian gertatutakoak. Azken hamarkadan, nazio aferari eta subiranotasunari loturiko konfrontazioaren gunea Euskal Herritik Kataluniara mugitu da, eta azken aldian bi herrietako independentismoaren arteko loturak indartu dira

Norgehiagoka horrek forma berezia hartu du Kataluniako hiriburuan. Aurreko hauteskundeetan espazio konbergentearen eta M15 osteko esperimentu munizipalistaren (Ada Colau aktibista buru) artekoa izan zen bitartean, oraingoan bigarrenak eutsi dio soilik, aktibista gisa baino alkate moduan oraingoan. Eta parean, independentismoaren hiriburuko lemari ondo eutsita, Esquerrak gidatutako espazio ezkertiar errepublikazale zabala egon da. Adierazgarria izan da, zentzu horretan, Esquerraren zerrendan PSCtik datorren Ernest Maragallen ildoak zein Catalunya en Comú-tik datorren ildo soberanista eraldatzaileak –hirian Elisenda Alamanyrekin- bat egitea. Igandean Ernest Maragall gailendu zaio Colauri, zinegotzietan berdindu arren. Esquerrak alkatetza eskuratuz gero, independentismoak beste garaipen sinboliko bat erdietsiko luke, Bartzelona bezalako nazioarteko erreferente bat ildo horri bat eginda.

Baina Kataluniatik at hauteskunde emaitzek orain dela lauzpabost urtetako panorama desberdina erakusten dute. Orduko hartan sektore batzuetan hitz egiten zen 78ko erregimenaren krisirik ez da antzematen. Gogoan izan pasokizazioa-z ere hitz egiten zela, Greziako PASOK alderdi sozialdemokratak Syrizaren aldetik jasandako sorpasso argiari erreferentzia eginez. Bada oraingoan, “aldaketaren udalak” deitutakoak kaltetuta atera dira hauteskunde lehiatik (Cadiz edota Valentzia bezalako salbuespen batzuekin); eta oro har alderdi biko sistema indartuta agertzen da maiatzaren 26ko hautestontzietatik. Aldaketa politikorako eta demokratizaziorako aukerak Espainiako Estatuaren periferian gotortzen dira, Katalunian bereziki, baina baita Hego Euskal Herrian eta, neurri apalagoan, beste lurralde batzuetan ere. Erregimenari aurre egin nahi dioenak nazio auziari ere heldu beharko dio, beraz.

EHUko soziologia irakaslea