Dezibelio eta argiztapen muturrekoak ohiko diren makro-ikuskizunen eta makro-estimuluen garaiotan, autismodun haurren bueltako elkarteek aspalditik egindako eskaera zabaltzen ari da pixkanaka, baita Errege Magoen desfileetan ere: ez musika, ez argiztapen, ez abiadura azkarrik, patxadaz egiten dute ibilbidearen zati bat.
Gasteizen, 300 lagunek baino gehiagok parte hartzen duten desfile jendetsuan, karrozetako musikaren bolumena jaitsi zuten ibilbidearen azken zatian, entzumen hipersentsibilitatea duten haurrengan pentsatuta. Bilbon, Errege Magoei urtarrilaren 5ean egindako harreran, musika itzali zuten tarte batez. Autismo elkarteek urteak daramatzate aldarriarekin, eta gero eta gehiago dira Espainiako Estatuan desfilearen zati bat egokitu dutenak (Katalunian, 30 bat udalerritan): musika eta argiztapena jaisten dute, edo zuzenean amatatu, efektu bereziak eta su artifizialak edo bengalak alboratu, mikrofonoa itzali, karrozen abiadura lasaitu… Estimulu festa leundu eta isiltasuna eta patxada dira nagusi.
"Autismoa nahasmendu ikusezina da. Hotsak hamar aldiz biderkatuta entzun ditzakete eta estimulu andanek antsietatea sor diezaiekete"
Herriko jaietan ere, isilik
Aurrekari nagusietakoa barrakak dira. Gero eta jai gehiagotan gordetzen dituzte arratsalde edo egun batzuk, normalean hain burrunbatsu diren musika eta sirena-hotsak itzali eta hipersentsorialak diren haurrek barrakez isiltasunean gozatu ahal izan dezaten. Ekimen honen atzean ere, haur autisten familiak daude, haien borrokak ekarri baitu aldaketa. Donostia, Bilbo, Barakaldo, Arrasate, Irun… dira hala jokatzen dutenetako batzuk, eta pasa den uda honetan batu dira ekimenera Gasteizko barrakak. “Autismoa nahasmendu ikusezina da. Hotsak hamar aldiz biderkatuta entzun ditzakete eta estimulu andanek antsietatea sor diezaiekete; zarata handiko ekitaldietara zuzenean ez joatea erabakitzen du nahasmendu autista duten haurren familia askok”, zioten udan Arabako Autismo Elkartetik, Gasteizek ere neurria ezarri izana ospatzerakoan.
Ezaugarri horiek dituen umearen guraso bati baino gehiagori entzun diogu: musika bolumen hain altu eta bizien ondorioz, sistema zentrala saturatu eta krisian sar daiteke, beldurra eragin diezaioke, aztoramena. Are, mingarria ere izan daiteke haientzat. Hain justu, petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoek sortzen duten harrabotsak eraginda batzuek pairatzen duten sufrimenduaz idatzi dugu berriki ARGIAn.
Zarata oso lotuta doa jaiak girotzeko dugun moduari. Beti eta uneoro beharrezkoa ote da halako dezibelio, efektu eta estimulu zaparrada?
Izan ere, zarata oso lotuta doa jaiak girotzeko dugun moduari. Geure buruari galde diezaiokegu beti eta uneoro beharrezkoa ote den halako dezibelio, efektu eta estimulu zaparrada ikuskizun bat gozagarria eta erakargarria izateko.