argia.eus
INPRIMATU
Gasolinaren prezioari muga jartzeko eskatu du Kontseilu Sozialistak Iruñean eta Bilbon
  • Kontseilu Sozialistak manifestazioak egin ditu larunbatean Iruñean eta Bilbon, Espainiako Gobernuari eskatzeko muga dezala erregaiaren prezioa. "Langileen soldaten jaitsiera antolatu baten atarian gaude", salatu du, eta egoera batez ere langile klasea ari dela zigortzen.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 04a
Bizitzaren garestitzearen aurkako manifestazioa, Bilbon. (Argazkia: Gedar)

"Une honetan 2 eurotik gora balio dute gasolina litroak nahiz diesel litroak, eta badirudi gora egiten jarraituko dutela prezioek", adierazi du Kontseilu Sozialistak: "Bizitzaren garestitzea gero eta zama handiagoa da langileon gainean, eta krisi kapitalistak sorturiko oinarrizko produktuen prezioen igoerak, enpresa askotako soldaten jaitsierarekin batera, egoera biziki larrian utzi du langileriaren zati handi bat. Soldaten jaitsiera antolatu bat dago martxan, enpresari handiek eta politikari profesionalek gidatua, eta enpresa ertain eta txiki guztietara hedatzen ari dena".

"Prezioen gorakada etengabearen atzean multinazional handien eta Espainiako Gobernuaren arteko elkarlana dago", salatu du Kontseilu Sozialistak." Horren helburuak dira multinazional horien irabaziak biderkatzea eta Espainiako Estatuaren diru-iturrien hazkunde artifiziala, langileon soldaten erabateko lapurretaren bidez".

Gaineratu dute "esanguratsua" iruditzen zaiela erregaiena bezalako auzietan talde parlamentario guztiak bat etortzea. "NATOren goi-bilera kriminalaren inguruan edota Europako aurrekontuen onarpenaren inguruan izan den adostasuna ere horren adibide dira".

Espainiako Gobernuari eskaera

"Egoera horrek muga guztiak gainditu ditu langileon antolakuntza independentearen faltaren ondorioz, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu, langileon bizitzak defendatzeko orduan, Estatuari zenbait neurri exijitzea borrokaren bitartez", dio Kontseilu Sozialistak. Bi eskaera egin dizkiote Espainiako Gobernuari. Batetik, erregaien prezioari muga bat jar diezaiola, finkoa eta hogei zentimoko deskontua baino askoz ere nabarmenagoa; eta bestetik, erregai litroaren prezioak pandemia aurreko zenbatekoetara jaistea, gutxienez.

Ahotsak Iruñeko manifestazioan hartutako irudiak: