argia.eus
INPRIMATU
Alexandra Almeida (Acción Ecológica, Ekuador)
“Erregaiak lurpean gera daitezen borroka egiten duten herriak saritu beharko lituzke NBEk”
  • Abenduaren 4 eta 5ean Parisen da Alexandra Almeida, Ekuadorreko Acción Ecológica taldeko kidea, COP21en inguruan egingo diren ekintza paraleloetan parte hartzen. Joan aurretik, ordea, Euskal Herritik igaro zen, Ekologistak Martxanek, EHUk eta Ekopolek antolatutako Piztu alternatibak! Trantsizio energetikoak aldaketa klimatikoaren aurrean jardunaldietan berba egiteko. Ekuadorreko Amazonia petrolio-erauzleen eta bertako gobernuaren asmoetatik babesteko egiten ari den borrokaz mintzatu zen Almeida, baita klima aldaketaren aurkakoaz ere. Guztiz lotuta daude, izan ere. Beraren hitzaldiaren azken zatiko pasarteak dira hauek:  

Unai Brea @unaibrea2 2015eko abenduaren 04a
"Nola eraiki hidrokarburoen bi heren lurpean uzteko borondate politikoa?", galdetu zuen Almeidak Bilboko hitzaldian (Arg.: Unai Brea).

“Sortu eta gutxira, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenak (UNFCCC) hainbat eranskinetan banatu zituen munduko estatuak. I Eranskinean herrialde garatuenak daude, eta geroago sortu zen II Eranskina, klima aldaketaren kontrako borrokan hegoaldekoei diruz laguntzeko ardura duten estatuek osatua. I Eranskinekoek –eta industriak– ez diote mugarik ipintzen erregai fosilen kontsumoari, eta horregatik porrot egin dute orain arteko COP guztiek”.

“Erregai kontsumoa gutxitzeaz hitz egin beharrean, irtenbide faltsuak sustatzen dituzte: karbonoa atzeman eta biltegiratzea, karbono merkatua, basoei buruzko REDD+ estrategia, bioerregaiak, geoingeniaritza... Eta gainera, hidrokarburo bilaketan muga berriak gainditu nahi dituzte (ur sakonetako petrolioa, frackinga…). Baina klima aldaketa leuntzeko –dagoeneko hori baino ezin baitugu egin, aldaketa hemen dago eta– neurri errealena erregaiak lurpean uztea da”.

“Badira, estatuez gain, beste aktore batzuk: tokian tokiko komunitateak, erregaiak lurpean gera daitezen borrokan dabiltzan herriak. COP21eri eskatuko diogu 0 Eranskina sortzeko, horiek guztiak bere barruan hartuko dituena. NBEk sari bat eman beharko lioke urtero  borroka horretan gehien nabarmendu den herriari. Eta estatuek utzi beharko liokete erregai fosilak ustiatzeko pizgarriak emateari”.

“Nazioarteko Energiaren Agentziak berak esan du tenperatura igoera bi gradutik gorakoa ez izatea bermatu nahi badugu ez genukeela atera behar, hemendik eta 2050era bitartean, ezagutzen ditugun hidrokarburo erreserben heren bat baino gehiago. Baina nola eraiki hori egiteko borondate politikoa? Energiari buruzko eztabaida handi bat sustatu beharko litzateke: zenbat energia behar dugu? Zertarako? Norentzat?”.

Lurraldeari Begirada Kritikoa Feminismotik taldea sortu dugu; gure borroka nagusia, oraintxe, UNFCCCk 0 Eranskina sortzeko eskatzea da. Latinoamerikan, emakumeen rola ezinbestekoa da erregaiak lurpetik atera nahi dituzten konpainien aurkako borrokan. Komunitate batzuetan, [gizonezko] buruzagi batzuek tratua eginda zeukaten konpainiekin, eta emakumeen esku hartzeagatik egin behar izan dute atzera. Gizonek amore emandakoan emakumeek eutsi diote erresistentziari, eta kasu askotan kriminalizatuak izan dira horregatik”.