Astelehenean filtratu zen informazioaren arabera, Glasgowko Gailurreko bukaerako txostenak ez zion egin behar aipamenik energia fosilak desagertzeko beharrari. Testu berri batean, ordea, ikatza, gasa eta petrolioa finantzatzeari utzi beharra aipatzen da.
Erregai fosilei egiten zaien aipamena lerro bakarrekoa da zirriborro berrian eta, gailurrean diren kazetari eta adien arabera, ez dago ziurtatuta bukaerako testuan mantenduko den. Kontua da, hala ere, urrats moduan hartu dela, Parisko Gailurrean ere ez zelako errefai fosilen aipamenik egiten. Ekologistak Martxaneko Javier Andaluzen esanetan, erregai horiei ematen zaizkien diru-laguntzak desagertzeko aipamen bat egiten da, “baina oso orokorrean eraginkorra izateko”.
Publico egunkariko Alejandro Tenak aipatzen duenez, 2020an munduan 286.000 milioi dolar eman zitzaien diru-laguntza gisa erregai fosilei; energia berriztagarrietara, 88.000 milioi dolarreko diru-laguntzak bideratu ziren. Adituen ustez, batzuk debekatu eta besteak bultzatzeak ekar dezake mundu mailako trantsizio energetikoa, baina horretarako ezinbestekoa litzateke garapenean dauden herrialdeei diru funtsekin laguntzea, haiek euren ekonomiak egokitzeko, eta hor huts egiten du asteazken goizaldean egindako zirriborro berriak.
Greenpeaceko bozeramaile Tatiana Nuñoren esanetan, kopuru zehatzez eta hauek bideratzeko plangintza zehatzaz hitz egin behar da, bestela oso zaila izango da aurrera egitea. Hego eta Iparreko herrialdeen arteko arrakala gero eta handiagoa da gai honetan eta ez da urrats handirik eman azken urteetan. Madrilgo COP25eko gailurrean onartu zen hegoaldeko herrialdeak laguntzeko Fondo Berdeak 100.000 milio euro izango zuela, baina oraingoz 89 milioi bakarrik bildu dira.
Berotegi Efektuko Gasen isurketari dagokionez ere, ez dirudi oso aurrerapen handiak egongo direnik; kalterako aldea dago zientziaren munduak eskatzen duena eta gailurrak eskainiko duenaren artean. Pariseko Gailurrean onartu zen isurketak %55ean murriztu behar zirela 2030erako, baldin eta planetaren berotzeari 1,5 gradutik behera eutsi nahi bazitzaion. Herrialdeek erakutsi dituzten asmoekin, aldiz, hamarkada honen amaierarako lurraren tenperatura 1,8 graduko igoko litzateke, beti ere irakurketa baikorrenean.