argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuen inguruko hitzaldi sorta EHUn, gizartea harrerarako heztea helburu
  • Abenduaren 2an SOS Arrazakeria eta EHUk antolaturiko "Ongi etorri errefuxiatuak. Harrerarako hezten" jardunaldiak egingo dira EHUko Donostiako Psikologia Fakultatean. Lau saiotan banaturik egongo da eguna, bi goizean eta bi arratsaldean.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 01

Jardunaldiei goizeko bederatzietan emango diete hasiera, dokumentazioa eskura emanez. Lehen saioa hamarretan abiatuko da, “Babesleku bila. Errefuxiatuen oraingo egoera” izenburupean. Lau zati izango ditu saioak eta bertan SOS arrazakeria Gipuzkoako kide Agustin Unzurrunzagak, Iker Barbero EHUko zuzenbideko irakasleak, Andrea Bertomeu katedradunak eta Hassana Aalia errefuxiatu politiko sahararrak hartuko dute parte.

Bigarren saioa 12:15etan hasiko da “Elkartasuna eta abegintza. Euskal gizartearen balio prosozialak” izenburuarekin. Donostiako Caritas Laguntza Etxeko aholkulari juridiko Abdoulaye Gueye, CEAR Euskadiko Psikologia Zerbitzuko arduradun Sofia Abaitua, Zaporeak taldeko Peio Garcia, itsas salbamenduan aritzen den Iñigo Mijangos eta EHUko hainbat irakasle izango dira hizlariak, bost ataletan banaturiko hitzaldian.

Bazkaltzeko tarte bat utzi ostean, arratsaldeko lauretan bost zati izango dituen hirugarren saioaren txanda izango da: “Gizarte inklusiboak eta jarrera abegikorrak”. Bertan Utrechteko unibertsitateko Borja Martinovic, Yahia Koddo errefuxiatu siriarra eta Gemma Varona doktorea arituko dira besteak beste.

Eguneko azken saioa “Sentsibilizazioan eta abegi egitean hezkuntzaren parte-hartzeak” izango da, arratsaldeko seietan. Patricia Insuak koordinaturiko saioa izango da. Zazpietan bertso itxiera emango zie jardunaldiei, Gemma Urteaga bertsolariaren eskutik.  

Parte hartu nahi duen orok sos.universidad@gmail.com helbidera idatziz egin dezake.