Asilo eskaera egiten duten pertsonen harrera prozesuak kudeatzeko protokolo bat proposatu du Eusko Jaurlaritzak. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak salatu duenez, ez du euskararen irakaskuntza aintzat hartzen. Gizarteratzea kudeatzeko euskararen transmisioaren garrantzia azpimarratu du.
Bakegintza eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiak zirriborroa bidali die udalei, ekarpenak egin ditzaten. UEMAk salatu du programa horretan ez direla kontuan hartzen errefuxiatuei euskara irakasteko neurriak. Aitzitik, “gaztelaniaren irakaskuntzaren ardura” aipatzen dela.
Protokoloaren garrantzia azpimarratu du, baina baztertzailetzat jo du errefuxiatuei bertako hizkuntza ez transmititzea. “Elikagaiekin, arropekin edo aterpeekin batera euskara ere ematea modu ederra da beso zabalik hartzen ditugula erakusteko”, adierazi du Josu Labaka UEMAko lehendakariak.
UEMAk errefuxiatuen auzia kudeatzeko hainbat neurri proposatu zituen 2015eko irailean. Horien artean zeuden, besteak beste, Euskal Herrira heltzen diren pertsonei euskara irakastea eta herri bakoitzeko errealitatea ezagutaraztea. Haur eta gazteen kasuan, euskara errefortzu ikastaroak eskaintzea proposatu zuten eta helduen kasuan, doako euskalduntzea bermatzea. Planteamendua bideratzeko, UEMAk eskaerak bidali dizkie Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei, udalei eta erakundeei.