argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuen aldeko ‘Mugak Zabalduz’ karabana martxan da
  • Abiatu da Melillaraino helduko den errefuxiatuen aldeko 'Mugak Zabalduz' karabana. Europar Batasuna eta Espainiako Estatua egiten ari diren migrazio politikak eta giza eskubideen urraketak salatzea dute helburu, uztailaren 14tik 22ra.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 14a
(Arg.: @nagorgorita).

Euskal Herritik lau autobus dira Melillara bidean, eta ARGIAk bertan doan ekintzaile batekin hitz egiteko aukera izan du. "Bi autobus beteta atera gara Bilbotik, eta Euskal Herriko beste biekin Bardeetan elkartuko gara laster", adierazi digu. Melillan hiru egun pasako dituzte eta hura izango da ekintza jendetsuenak bilduko dituen gunea (Espainiatik beste lau autobus gerturatuko dira), baina bidean ere prestaturik dituzte hainbat ekintza. "Lehena Bardeetan egingo dugu, salatzeko industria militarrak gaur egungo egoera larriarekin duen lotura zuzena", azaldu du ekintzaileak. Madrilgo Kongresuaren aurrean protesta egingo dute bihar, uztailak 15, Sevillan ere bai, eta Tarifako eta Aljecirasko atxikitze zentroen (gazteleraz CIE) aurrean ere bilduko dira.

Melillan performance-ak, elkarretaratzeak eta protestak egingo dituzte "Mediterraneoan gure erruz", dio ekintzaileak, "hiltzen diren pertsona guztiengatik, Melillako kaleetan inolako babesik gabe bizi diren haurrengatik, emakume migranteek bizi duten egoeragatik, Marokoren eta Melillaren arteko mugan ibiltzen diren porteadoreengatik". Guztira, bertan, 450-480 pertsona inguru biltzea espero dute.

Baina beren lana ez da han protesta egitea bakarrik izango. Afrika iparraldera bidean doan lagunak dioenez, "gure lana izango da itzuleran guztia kontatzea, zer ikusi dugun azaltzea, zergatik joan garen, zer salatzen dugun eta egoera zein den; denok egin dezakegu zerbait eta ezin dugu pentsatu ezer egin ezin denik. Borroka ditzagun guztionak diren giza eskubideak".

(Argazkia: @arantzatxu)

(Argazkia: @ArabaOEE)

(Argazkia: @kokoteko)