argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuen aldeko mobilizazioak egin dituzte Donostia eta Iruñean
  • Ehunka lagunek errefuxiatuen aldeko martxa bana egin zuten igandean Donostian eta Iruñean. Erakunde publikoei eskatu zieten errefuxiatuak jasotzeko erraztasunak eskain ditzaten.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 27a
Donostian egin zuten martxa. (Arg.: Ongi Etorri Errefuxiatuak)

Donostian manifestariak “Ongi etorri errefuxiatuak. Elkartasuna” zioen pankartaren atzean ibili ziren Saguesetik Haizearen Orraziraino. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deitu zuen protestara, eta bertan izan ziren Eritrea, Siria, Afganistan eta Ekuatore Gineako iheslari batzuk. Amaieran, plataformako bozeramaile Juantxo Dominguezek esan zuen gizakien oinarrizko eskubide eta askatasunen aurka jarduten ari direla Europako gobernuak.

Iruñean, “Europa gotorlekuari ez” lema erabili zuten manifestariek. Martxan zehar irudikatu egin zituzten pertsona errefuxiatuen ihesa, Mediterraneoa zeharkatzeko saiakeran horietako askoren heriotza, eta Europara heltzean topatzen dituzten hesien eraistea. Pertsona guztien migratzeko eskubidea defendatu zuten, baita eskubide eta baldintza egokietan jasotzeko ere. Horretarako, Nafarroako Gobernuari galdegin zioten eskumenak har ditzala berehala, eta benetako harrera egiten has dadila.