argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuen aldeko Marea Horia egingo dute zapatuan Gorlizen eta Plentzian
  • Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak antolatutako ekimenak helburu bikoitza dauka aurten: alde batetik, mundu osoan milioika pertsonek bizi duten errealitate gogorra agerian jartzea, eta, bestetik, gobernuei eta erakundeei nazioarteko itunetan jasotako giza eskubideak errespetatuko dituen migrazio- eta harrera-politikak har ditzaten esatea. Hitzordua abuztuaren 21ean, zapatuan, izango da, Astondon, 12:00etatik aurrera.

Hiruka .eus Ander Zarraga 2021eko abuztuaren 20a
Aurreko urteetan egindako Marea Horiaren irudia.

Aurreko urteetan bezala, abuztuaren 21ean, zapatuan, Marea Horia antolatuko du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak.12:00etan jarri dute hitzordua Gorlizeko hondartzan, eta bertatik Plentziako hirigunera joango dira, Ontziola plazan desagertutako pertsonak omendu, eta lore eskaintza egiteko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, zapatuko ekitaldiak helburu bikoitza dauka: alde batetik, mundu osoan milioika pertsonek bizi duten errealitate gogorra agerian jarri gura dute; izan ere, hainbat arrazoi direla medio, beren jatorrizko herrialdeak utzi behar dituzte, eta arriskuz eta zailtasunez beteriko bide bihurri bati ekin behar diote, Europara heldu guran. Bestetik, gobernuei eta erakundeei esan gura diete nazioarteko itunetan jasotako giza eskubideak errespetatuko dituen migrazio- eta harrera-politikak har ditzatela.

Zapatuko ekitaldian espainiar Estatuan eta Euskal Herrian errefuxiatuak duintasun-baldintzetan egon daitezen exijituko dute, eta eskubide, zerbitzu eta baliabide publikoak eskuratzeko aukera izan dezatela. "Euskal Herri abegikorra gura dugu, desberdintasuna errespetatzen duena, gaur egun gure gizarteak osatzen dituzten jatorri desberdinetako pertsonakaz eraiki, eskubide-berdintasunean eta kulturen heterogeneotasunean errotua. Erbesteratuak izan ginen, babeslekua izan gaitezen", aldarrikatu dute errefuxiatuak babesteko plataformatik.

Egitaraua

  • 12:00etan, Astondo hondartzako Hondartzapeko arrapalatik aterako da martxa, Plentziako hondartzaren amaiera arte.
  • 13:00eta, giza-katea egingo dute Plentziako portuan, itsasadarreko pasealekutik, Ontziola plazara arte, eta, bertan, omenaldi-ekitaldia egingo dute.
  • 14:00etan, ekitaldia amaitu ondoren, pintxo-pote bat eskainiko dute Ontziola plazan.