“Gerrarik ez! Errefuxiatuen eskubideen alde” lemapean mobilizazioa deitu dute Bilboko Gobernuz Kanpoko zenbait Erakundek eta hainbat kolektibok: Komite Internazionalistak, Askapenak, SOS Arrazakeriak, Diaspora Saharaui, Mugarik Gabe eta Kitzikan antolakundeak, besteak beste. Irailaren 19an Bilboko Arriaga Plazatik 12:00tatik aurrera izango da protesta.
Errefuxiatu krisia “ez dela kontu berria” adierazi dute antolatzaileek. Duela hamarkada bat baino gehiago Iraken egin zuten bezala, egun Sirian “potentzia ekonomiko eta militar handiek yihadistekin kolaboratzen dute” herrialde horietako kontrola bermatzeko. Gerra hauek “milaka hildako eta milioika errefuxiatu” utzi dituzte.
“Herrialde handiek petrolioaren eta gasaren erabateko kontrola bilatzen dute, eta Siriaren kasuan lehengai hauek estatuaren eskuetan daude” mobilizazioaren deitzaileek nabarmendu dutenez.
Euskal Herriko arma industriaren aurka ere jo dute Komite Internazionalistako kideek: “Ehunka enpresa gatazka herrialdeetan amaitzen duten hegazkin militar, artileria piezaren, misil edota pertsonen aurkako minen fabrikazioan aritzen dira ITP Zamudio edota Getxoko SENER enpresak” besteak beste. Enpresa hauek “diru publikoarekin finantzatzen direla” ere esan dute.
Edozein esku-hartze inperialista gaitzetsi dute antolatzaileek, hauek ”izaera militarra izateaz gain, gerran dauden herrialdeen itotze ekonomikoan oinarrituta” baitaude.
Errefuxiatu izaera edozein pertsonari aitortu beharko litzaiokeela ere uste dute: arrazoia ekonomikoa, generozkoa, ideologikoa, etnikoa edota erlijiozkozkoa izan.