argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuekiko elkartasuna adierazteko banderolak eskura jarri ditu Gasteiz Irekiak
  • Ekainaren 20an ospatuko den pertsona errefuxiatuen nazioarteko egunaren harira, ekintza ezberdinak antolatu ditu errefuxiatuen aldeko plataformak. Besteak beste, uztailaren 15ean Greziara abiatuko den karabana antolatzen ari dira.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2016ko ekainaren 14a

Datorren ekainaren 20an pertsona errefuxiatuen nazioarteko eguna izango da eta horren harira, Gasteiz Irekia plataformak zenbait ekintza antolatu ditu, "elkartasunerako, aldarrikapenerako eta salaketarako eguna" baita. "Krisi humanitario honi zenbakiak jartzeko eguna ere izango da eta isildutako milaka oihuri ahotsa emango zaie", adierazi dute gaur balkonadan egin duten agerraldian. 

Banderolak

Errefuxiatuen nazioarteko eguna ospatzeko antolatu dituzten jardueren artean, leiho eta balkoietatik eskegitzeko banderolak aurkeztu dituzte, "Ongi etorri" lelopean, errefuxiatuekiko elkartasuna adierazteko balio dutenak. Banderola urdin hauek elkarteetan, tabernetan eta euskaltegietan jasotzeko aukera egongo da.

Kalejira, mahai-inguruak eta kanpaldia

Giroa berotzeko, ekainaren 18an Otxanda Dorretik abiatuk den kalejira antolatu dute, 12:00etan. Ondoren, hilaren 20an, gaia aztertzeko mahai-ingurua egingo dute ordezkari politikoekin. Villasuso Jauregian izango da 19:00etan.

Era berean, Judimendi auzoko jaiekin bat egingo du ekimenak eta ekainaren 24an, errefuxiatuen kanpalekuak gogoraraziko dituen kanpalditxoa egingo dute. Judimendiko parkean, 18:00etatik aurrera.

Greziara karabana

Azkenik, Greziara bidaiatuko duen karabana prestatzen ari direla iragarri du Gasteiz Irekia plataformako bozeramaileak, uztailaren 15ean Gasteiztik abiatuko dena. Ostegun honetan informazioa emateko bilera egingo dute Steilas sindikatuan, 19:00etan.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra