argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuei laguntzeko Melillara abiatuko den karabana prestatu dute
  • Karabana uztailaren 14an abiatuko da Altsasutik, eta 18an helduko da Melillara.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2017ko maiatzaren 26a

Aurreko urtean Mugak zabalduz karabana Greziara abiatu bazen, aurten Melillara abiatuko da. Errefuxiatuei eta migratzaileei laguntzeko Euskal Herriko Plataformak antolatuta, Europako Batasuneko eta Espainiako estatuaren migrazio-politikak salatzea izango du helburu. Era berean, "ihesi datozen milioika pertsonen eskubideak errespeta daitezen" eskatuko dute egitasmo honen bitartez, gaur Mugak zabalduz karabanako antolatzaileek Gasteizen egin duten agerraldian azaldu bezala. Tartean, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkartea aurkitzen da.

Hala, karabana berriak eztabaida publikoaren erdigunean jarri nahi ditu "egoera onartezinak", hala nola, Ceutako eta Melillako hesi kontzertinadunak, "beroan" egindako legez kanpoko kanporaketak, Frontexen kontrol-politikak eta Europako Batasunaren eta Espainiako gobernuak Europan asilo eta aterpe bila datozenei uko egitea. 

Uztailaren 18an, Melillan

Irteera uztailaren 14ean izango da. Egun horretan, Bardean egingo da guden aurkako ekitaldia, eta ondoren, Madrilera abiatuko da karabana. Lau egun geroago, hilaren 18an, helduko da Melillara eta hainbat ekitaldi egingo dituzte bertan, 18tik 20ra bitartean. Amaitzeko, karabana Almeriara helduko da 22an, langile migratzaileek negutegietan nozitzen duten egoera salatzeko.

 

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra