argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuak zangotrabatu zituen Petra Laszlo kazetaria absolbitu dute
  • 2015ean polemika handia eragin zuen mundu osoan Petra Laszlo kazetariak egindakoak: giltzapean zeuzkaten eremutik ihes egiten ari zen errefuxiatu-talde baten berri ematen ari zen N1 telebista hungariarrarentzat –eskuin muturretik hurbil dagoen hedabidea– eta irudi batzuek erakutsi zuten nola errefuxiatu horietako batzuk zangotrabatu zituen. Ekintza horrengatik absolbitu berri dute.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 31
Polemika handia eragin zuen Petra Laszlo kazetariaren portaerak 2015ean.

Serbia eta Hungariaren arteko mugan gertatzen ari zena kameraz jasotzen ari zen Petra Laszlo 2015eko irailaren 8an. Muga horretako eremu batean giltzapean zeuzkaten ehunka errefuxiatu eta haietako batzuk ihes egiten hasi ziren. Poliziarengandik ihes zihoazen pertsona horietako batzuk zangotrabatu zituen Laszlok, baita beste batzuei ostikoak eman ere.

Orain, Hungariako Auzitegi Gorenak ebatzi du Laszlok ez zuela inolako deliturik egin. Absolbitu egin dute beheko bideoan egindako ekintzengatik.

Aurretik, bandalismoa leporatuta hiru urteko baldintzapeko askatasuna ezarri zioten N1 telebista kateko kazetari ohiari. Eskuin muturretik gertu dagoen hedabide horretatik bota zuten mundu osoan zabaldu zen bideo polemikoaren ondoren.

Hungariako Auzitegi Gorenaren erabakiaren berri eman du Aragoiko Arainfo hedabideak. Bertan irakurtzen denez, auzitegiak uste du Laszloren jokabidea ez zela delitua izan, portaera bidegabetzat jo duen arren, “moralki zentsuragarria” eta “legeak zigortu dezakeena”. Hala ere, epaile hungariarren ustez zigortzeko modukoa litzatekeen delituak dagoeneko preskribatu du eta beraz ez diote Laszlori zigorrik jarriko.

Grabazioetan ikusi zenez, kazetariak neska bati jo zion hankarekin. Ondoren, Osama Abdul errefuxiatuari eta besoetan zeraman haren semeari zangotraba egin zion. Epaileen arabera, ordea, Laszloren portaera ez da “antisoziala”, ezta “komunitatearen aurkakoa” ere eta beraz, ezin da, haien ustez, bandalismotzat jo.