argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuak hartzeko lanean ari da Bartzelona
  • Errefuxiatu siriarrei aterpea eman nahi die Bartzelonak eta horretarako neurriak hartzen hasi da Udala. Acnur eta asiloaren aldeko Asil.cat erakundeekin harremanetan jarri da dagoeneko Ada Colau alkatea.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko abuztuaren 31

Horrez gain, “aterpe-hirien” sarea sortu nahi dute eta irailaren 4an landu dezakete gaia, “aldaketaren alkate” deiturikoek duten bileran (Iruñea, Cadiz, Madril, Badalona, Zaragoza, A Coruña eta Santiago de Compostelako alkateak bilduko dira).

“Errefuxiatu siriarren krisiak duen mailari erantzun behar dio gure hiriak, Balkanetako gerran Bosniarekin egin zen moduan”, adierazi dute Bartzelonako Udaletik.

Gaiaren eskuduntza, dena den, estatuetako gobernuek eta Europar Batasunak dute.

Eta bitartean, zertan ari da Europar Batasuna?

Bada, egoera larria dela azpimarratu dute behin eta berriz Europako agintariek, eta politika bateraturako larrialdi bilera deitua dute. Larrialdi bilera izateko, ordea, presa gehiegirik ere ez dute: irailaren 14an elkartuko dira 28 herrialdeetako Justizia eta Barne ministroak. Eta bilera garrantzitsuena, gobernu eta estatuburuak bilduko dituena, urriaren 8an egingo da. Bitartean, irudi ikaragarriak ikusten jarraituko dugu egunero.

Europar Batasunak markatu dituen tempoak ikusita, ez dirudi lehentasunen artean dagoenik errefuxiatuak birkokatzeko estatuei dagozkien kuotak ezartzea, Europara bidean heriotzak saihesteko baliabide gehiago jartzea edota Europara sartzeko bide legalak eta alternatiboak eskaintzea.