argia.eus
INPRIMATU
Errefuxiatuak hartzeko Gasteizen eraikitzen hasi diren makrozentro eredua kritikatu dute
  • Kritika artean abiatu dira Gasteizko Arana klinika zena Nazioarteko Babes Harrera Zentro bilakatzeko obrak. Ez auzokideak, ez errefuxiatuekin lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeak, ez PSEz bestelako alderdi politikoak ez daude ados proiektuarekin: makrozentroen ordez, “arreta eredu deszentralizatu, komunitario eta hurbilekoak” aldarrikatu dituzte.

ARGIA @argia 2025eko martxoaren 26a
NorteExpress

1950eko hamarkadan ireki zuten Arana klinika, baina 1977. urtean klinika itxi eta zahar-etxe izatera igaro zen. 2013. urtean itxi zuten zahar-etxea, eta auzokideek ordutik daramate eskaera bera egiten: zahar-etxea berriz zabaltzea nahi dute, eguneko zentro gisa eta egoitza moduan.

Espainiako Gobernuak iragarri ostean zahar-etxe ez, baizik eta errefuxiatuei harrera egiteko gune izango dela eraikina, berriz ere adierazi dute bizilagunek aspaldi esana dutela eraikin hori adinekoentzako egoitza izatea dela beren nahia. Obrak duela aste gutxi hasi berri, astearte honetan bertan egin dute protesta hainbat bizilagunek, Gasteizko Udalaren aurrean. Babestu Araba eta Zazpigarren Alaba elkarteek errepikatu dute zahar-etxe txiki bat dela leku horretarako planteatzen dutena, “50 bat plazadun egoitza, eta beste 40 plaza eguneko zentro gisa funtzionatzeko”. Zaintza eredu publiko bat aldarrikatu dute, “baina nahiago dute zentro pribatuen alde egin”. Maider Etxeberria PSEko alkatea gogor kritikatu dute.

“Hain handia izateak asko zailtzen du”

Zehar Errefuxiatuekin erakundea ere ez dago ados 350 plaza izango dituen harrera zentroarekin. Zentro horien beharra azpimarratu zuen iaz erakundeko zuzendari Arantza Chacón-ek, Radio Vitorian, baina Espainiako Gobernuak Gasteizen ezarri duen eredua kritikatu zuen: “Zentro hori ez dago Euskadiko eredutik planteatuta. Hemen ez ditugu baliabide handiak. Baliabide txiki eta hurbilekoen alde agertu gara beti. Harrera ez da soilik administraziotik egiten. Auzoak eta eskolek rol oso inportantea dute. Hain handia izateak asko zailtzen du pertsona horiek auzoak hartu ahal izatea, zaila da hurbileko begirada izatea”.

"Ez dugu uste inork defendatzen duenik 350 plazako zentro bat, ez diolako inklusioari eta arreta pertsonalizatuari laguntzen. Lowcost eredua da, adabakia"

“Lowcost eredua da”

Alderdi politikoen artean ere, desadostasuna da nagusi. PSE (EAJrekin koalizioan) besterik ez da agertu Espainiako Gobernuak diseinatu eta finantzatutako eraikinaren alde. Ez EAJ, ez Elkarrekin, ez EH Bildu ez daude ereduarekin ados, eta PPren kasuan, ez du nahi migratutako jendea asilo eske etortzea Gasteiza. EH Bilduren hitzetan, “Aranako proiektuak ez dio erantzuten arlo horretako erakundeek defendatzen duten harrera eredu deszentralizatu, komunitario eta hurbilari. Ez dugu uste inork defendatzen duenik 350 plazako zentro bat, ez da egokia, ez dago teknikaririk eredu hau defendatuko duenik, ez diolako inklusioari eta arreta pertsonalizatuari laguntzen. Lowcost eredua da, adabakia”.