Ekialde hurbileko nahiz ipar Afrikako zenbait gatazkak Europako migrazio krisia larriagotu du. 2015. urtea hasi zenetik 264.500 etorkin iritsi dira Mediterraneotik, NBE-ren arabera. Urteko lehen zazpi hilabeteetan Europara iristeko bide arriskutsuena bihurtu den Mediterraneo itsasoan 2.300 lagunetik gora hil dira. Hala ere, beste hainbat aldagai daude:
Mazedonia Emergentzia egoeran
Mazedoniako gobernuak Emergentzia egoera deklaratu du. 2.000 pertsona baino gehiago iristen dira egunero Mazedoniako mugako herri Gevgelijakora.
Errefuxiatuentzat iristen den laguntza eskasa Gurutze Gorriak eta talde humanitario pribatuek hornitzen dute.
Etorkinak herrialdera iristean izena eman behar dute eta 72 orduko denbora tartea dute herrialdean zehar ibiltzeko. Horietako askok baimen hori gabe Alemania edota Ipar Europara bidean jarraitzen dute.
Joan den asteazkenetik Grezia eta Mazedoniaren arteko Gevgelija muga itxita dago. Zenbait iturriren arabera azken bi hilabeteetan 40.000 pertsona pasa dira bide honetatik.
Hungariak hesi bat eraikiko du
Balkanetatik Mendebaldeko Europara iristeko beste bide bat Hungariatik pasatzen da. Egunero 1.000 eta 1.500 lagunek zeharkatzen dute igarobide hau.
Uztailean Hungariako Gobernuak iragarri zuen 175 kilometroko luzera duen hesia eraikiko zuela Serbiako mugan. Hesia zeharkatzeagatik zigorrak gogortuko ditu herrialde balkaniarreko Gobernuak. Igarobidea ilegalki zeharkatuz gero, lau urteko kartzela zigorra jasotzeko arriskua dago.
Azken asteetan trafikatzaile ilegalak biderkatzen ari dira. Mafiek Belgrado,Serbiako hiriburutik Austriarako bidea egiteagatik 1.500 euro eskatzen dituzte, Der Spiegel egunkari alemaniarraren erreportaje batek aditzera eman denez.
Eslovakiak soilik errefuxiatu siriar kristauak onartuko ditu
Europar Batasunak Siriako gatazkatik ihes egiten duten 40.000 errefuxiatuen banaketa egin du EBko herrialde desberdinetan.
Eslovakiari Italia, Turkia eta Greziako errefuxiatu kanpalekuetan dauden 200 lagun hartzea egokitu zaio. Siriar kristauak onartuko ditu, musulmanak baztertuaz. Estonia, Letoniak eta Poloniak ere erabaki berdina hartu dute.