Libanoko errefuxiatu palestinarren kanpaleku baten COVID-19aren frogan positibo eman duen pertsona bat azaldu da. Horrek beldurra sortu du kanpalekuan, eremu horretan ez baitago segurtasun neurriak mantentzerik. Hori frogatu du Alemaniako Ellwagen errefuxiatu kanpalekuak; bertako errefuxiatuen erdia inguru kutsatu baita honezkero.
Libanoko Rafik Hariri Unibertsitate Ospitaleko langileak herrialdeko Bekaa aranean dagoen errefuxiatu kanpalekuetan testak egiten hasiko dira asteazkenean, palestinar-siriar errefuxiatu batek positibo eman eta gero. Gobernua arduratuta azaldu da, kanpalekuko biztanleria dentsitate altuak birusaren hedapena bultzatu dezakeelako.
Baina ez da dentsitatea hedapenean lagunduko duen bakarra. Gero eta ugariagoak dira kanpalekuetako higiene eta segurtasun neurriak betetzen ez direla saltzen duten ahotsak. Alemaniako Halberstadt kanpalekuko 100 lagun, adibidez, gose-greban daude higiene eta espazio falta salatzeko.
Moriako kanpalekua (Lesbos, Grezia), azkenaldian nazioarteko arreta bereganatuu duena, da kexu den horietako beste bat. Eremu hori pandemia zabaltzeko aproposa dela salatu dute giza eskubideen aldeko hainbat erakundek; 3.000 lagun egoteko sortu zen arren 20.000 biztanle inguru baititu, eta ura eta xaboia ondasun preziatu bezain urriak direlako errefuxiatuen artean. Horri zenbait errefuxiaturen osasun egoera batu behar zaio, asko baitira birikietako gaixotasunak edo gaixotasun kronikoak dituztenak.
Gizarte banaketak areagotzeko pizgarria
Asko dira pandemiak klaseen arteko banaketa areagotuko duela ondorioztatu duten analistak. Errefuxiatuen kasuan, ordea, banaketa hori are bortitzagoa izango dela adierazi dute zenbaitek. “Herritar bezala onartutako pertsonen eta eskubide horiek ez dituztenen arteko banaketa areagotzen ari da”, adierazi du Hibai Arbide Aza kazetariak.
▶️ @Hibai_: "La pandemia está profundizando cosas que ya sucedían, por ejemplo, la separación entre personas reconocidas como ciudadanas y las que no tienen esos derechos." #DerechosVsControl pic.twitter.com/sohBi8k1Nn
— Barcelona en Comú (@bcnencomu) April 21, 2020
Munduan 70 milioi desplazatu, errefuxiatu edo asilo eskatzaile daude, horietatik gehienak errefuxiatu kanpalekuetan bizitzen. Pandemiaren hasieratik bertatik zenbait GKEk eta giza eskubideen aldeko erakundek beren zaurgarritasunaz ohartarazi zituzten munduko gobernuak, eta horren adibide da Moriako kanpalekuaren ebakuazioa eskatu izana.