Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak (OEE) plataformak deituta, elkarretaratzea egingo dute Bilbon irailaren 30ean, Europar Batasunari exijitzeko bete dezala orain bi urte hartu zuen errefuxiatuak jasotzeko konpromisoa. Irailaren 26an agortu zen 180.000 pertsona inguru hartzeko EBk bere buruari ezarritako epea, eta kopuru horren %28 ingururi baino ez zaio eman harrera duina.
Mobilizaziora deitzeko zabaldutako prentsa oharrean, OEEk iraintzat jo du "EBren jarrera zinikoa"; besteak beste, kritikatu egin du Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak Italia, Grezia, Espainia eta Bulgariako mugetan egiten ari den "kontrol zorrotza" goraipatu izana.
Europar Batasunari beste estatu batzuekiko akordioak bertan behera uzteko ere eskatuko diote, "horien bidez milaka pertsona bidaltzen baitira Libia eta Balkanetako infernuetara, edo Turkiako irteerarik gabeko tranpara".
Gobernu Zibilaren egoitzaren aurrean egingo dute elkarretaratzea, Mouya plazan, eguerdiko 12:30ean hasita.