argia.eus
INPRIMATU
Errefusa gara (?)

Amaia Alvarez Uria 2020ko apirilaren 13a

 

 

 

Zaborretan azkenak | Itxaro Borda | Maiatz, 2015; Booktegi, 2019

 

 

Zaborretan azkenak 2015ean Maiatzekin argitaratu zuen Itxaro Bordak. 2019an ordea, Booktegin kaleratu du. Amaia Ezpeldoiren, landa-eremuko detektibe lesbianaren, azken abentura dakar, eta oraindik ezagutzen ez duten Hego EHko irakurleentzat lan aproposa da bildumara hurbiltzeko. Atzekoz aurrera irakurtzea proposatzen dizuegu, Bordaren euskara joria ezagutzen joateko ezagunenetik ezezagunenera.

Bakean ützi arte (1994), Amorezko pena baino (1996) eta Bizi nizano munduan (1996) dira protagonista honen lehen hirurak, Susarekin kaleratuak eta Ipar EHko euskalkietan idatziak. Hurrengo hirurak euskara batuan idatzita daude: Jalgi hadi plazara (Susa, 2007), Boga boga (Susa, 2012), Zaborretan azkenak (Maiatz, 2015 / Booktegi, 2019).

Iratxe Retolazaren hitzostea du lanak, bertan irakurriko dugu detektibe honek “arazo politiko nazional bat deskorapilatzea” izaten duela xede (Joseba Gabilondo), baina oraingoan auzi ekologiko transnazional erreal bat dugula parez pare: 2014ko Hazparneko hondakindegiaren auzia. Duela bi hilabete Zaldibarko zabortegiko “lur jausia” izan genuen. Gerokoak ezagutzen dituzue. Beraz, gaurkotasun handiko auziak dira zaborraren kudeaketa eta kontzientzia hartze ekologista. Ikusi besterik ez dago koronabirusak etxean sartu gaituenean naturak nola hartu duen arnasa.

Horrez gain, zabor-imajinarioak eta jendetasunaren mugak agertzen zaizkigu (Retolaza). Eraildako emakume baten gorpu zatikatua dugu zabortegi batean. Liburuan pertsonaia marjinalak aurkituko ditugu: kale-garbitzaileak, LGTBak, prostitutak, etxegabeak, musulmanak eta juduak…: “Urrikirik ez errefusengan, langile alferrengan, langabetuengan, eriengan, itsusiengan”. Ibai Atutxarekin batera mugako identitatea dela eta Gloria Anzaldua datorkigu burura horrelakoak irakurtzean: “Etxera nentorren baina ez nintzen etxekoa”.

Itxialdian gaudela, gure euskara aberastu eta gai sozio-politikoez hausnartzeaz gain, aprobetxa dezagun bidaia birtual bat egiteko Ipar Euskal Herriko kostaldetik barnealdera sarean topatzen ditugun irudi eta mapekin: Baiona, Hazparne, Oragarre, Amikuze, Maule… Hurrengo estekan sartzea besterik ez duzue.