Irango herriari joan den ekainaren 28an deitu zioten botoa ematera presidente berria aukeratzeko, maila geopolitikoan une bereziki zailean, Israelgo Gobernuaren palestinar herriaren aurkako genozidioa eta Iran bezalako herrialdeek sare horretan jokatzen duten papera direla eta. Ustekabeko hauteskunde hauek, 2025ean aurreikusitakoak, aurreratu egin behar izan dira duela gutxi arte presidente izan den Ebrahim Raisiren heriotzaren ondorioz. Raisi ultrakontserbadorea helikoptero istripu batean hil zen maiatzaren 19an, oraindik argitu gabeko egoeran. Raisi, yes-man bat [goitik agintzen diotena egiten duena] bezala kontsideratua irandar herriaren zati handi batean, Ali Khamenei Aiatolaren ondorengotzarako faboritoa zen. Ali Khamenei Aiatola Irango lider gorena da 1989. urtetik, eta botere gehien duena maila politikoan, judizialean, militarrean eta segurtasun nazionalean.
80 bat hautagai aurkeztu ziren hauteskunde presidentzialetara, eta, azkenean, sei ordezkarik jarraitu ahal izan dute. Horietatik bik atzera egitea erabaki zuten: Teheran hiriburuko alkate Alireza Zakani-k eta gobernuko funtzionario Amir-Hossein Ghazizadeh Hashemi-k. Beste bi hautagaik ez zuten lortu boto nahikorik: Mohammad Bagher Ghalibafe parlamentari kontserbadoreak (3,38 milioi boto) eta Mostafa Pourmohammadi buruzagi islamiar kontserbadoreak (206.397 boto). Boto gehienak bi hautagaik eskuratu zituzten: Saeed Khalili ultrakontserbadoreak (9,47 milioi) eta Masoud Pezeshkian erreformistak (10,41 milioi). Ghalibaf, Zakani eta Ghazizadeh hautagaiek hautagai ultrakontserbadoreari babesa emateko deia egin dute, "fronte iraultzailearen" garaipena babesteko.
Irango herritarrak erreta daude, baina ez dute itxaropena galdu eta hori erakutsi dute ekainaren 28an, desobedientzia zibileko ekintza batean hauteskundeetan parte ez hartuta
Irango herritarren %39,9 baizik ez ziren joan hautetsontzietara ekainaren 28an, eta, horren ondorioz, bigarren bozketa bat egiteko deia egin zuten, uztailaren 5ean. Herriaren hauteskundeekiko apatia hori, gazteena nagusiki, bere gobernuarekiko nahigabe orokor gisa irakurri behar da, 2022tik Emakumea, Bizitza, Askatasuna mugimenduari egindako errepresaliek areagotua. Baita presidentearen boterea murriztuta duen eta, beraz, bere herriari boterea kentzen dion gobernu sistemarekiko mesfidantza gisa ere. Irango herritarrak erreta daude, baina ez dute itxaropena galdu eta hori erakutsi dute ekainaren 28an, desobedientzia zibileko ekintza batean hauteskundeetan parte ez hartuta. Parte-hartze txiki hori ez da batere berria. Aurreko hauteskunde presidentzialetan herritarren %48,8 soilik bozkatu zuen, eta martxoko eta maiatzeko azken hauteskunde parlamentarioetan %41,1ek besterik ez, 1979ko Irango Iraultzatik izandako portzentajerik txikiena.
Hauteskundeen bigarren eta behin betiko txanda uztailaren 5ean egin zen, ostirala, lehen aipatutako Khalili ultrakontserbadorea eta Pezeshkian erreformista zirela hautagai. Pezeshkianek irabazi zuen, Mendebaldeko botereek begi onez ikusten duten hautagaiak, botoen %53,7rekin. Irango herriak botoa eman zion askatasun zibilen eremuan hobekuntzak agindu zizkien hautagaiari, zehazkiago genero berdintasunean, justizia sozialean eta negoziazio ekonomikoetan, zigorretatik irteteari eta inflazioa jaisteari lotuta. Txikia izan arren, uztailaren 5ean parte hartzea ekainaren 28an baino 10 puntu handiagoa izan zen, eta %50era iritsi zen. Botere nagusia buruzagi gorenaren eskuetan badago ere, presidentea da bigarrena: erabakitzeko ahalmena du esparru politiko eta ekonomiko nazionalean, baina baita atzerri politikan ere. Ez da gauza bera, hortaz, Irango presidentea ultrakontserbadorea edo erreformista izatea. Hauteskunde hauek egungo panorama geopolitikoari nola eragingo dioten ikusteke dago. Irango herriarentzat, emaitzak itxaropentsuak dira.