Otsailaren 26an ikasleak kalera aterako dira, LOMCE, EU2015 unibertsitate erreforma eta berriki dekretu bidez onartutako 3+2 sistemari aurre egiteko, Ikasle Abertzaleek deituta.
Donostian ordua zehazteke dago oraindik. Horretaz gain, beste herri batzuetan ere mobilizazioak izango direla aurreikusi dute.
Otsailaren 26tik martxoaren 18ko astera bitarte “eraikuntzara salto” eginen dute: “Hezkuntza herritik eta herriarentzat praktikan jarriko dugu. Heldu da alternatiba praktikoak martxan jartzeko unea”.
Hezkuntza ertainean, LOMCEren kontrako konpromisoetan berretsiko dira. Datorren ikasturtean konpromiso horiek praktikan nola jarriko dituzten zehaztuko dute. Martxoaren 18an hiru astez landutako edukiak eta egindako dinamikak plazaratuko dituzte.
Unibertsitateetan bestalde, campus bakoitzean ikasle mugimenduak antolatuko dituen Herri Unibertsitateetan parte hartuko dutela adierazi dute: “Herri unibertsitatea euskarri garrantzitsua izango da unibertsitate eredu euskaldun eta herritarraren eraikuntzaren bidean, ikasleen antolakuntza eta kontra-boterearen eraikuntza dakarrelako”. Herri Unibertsitateetako asko martxoaren 16an hasiko direla azpimarratu dute.