argia.eus
INPRIMATU
Erreformatorio batean jasotako tortura irudiek hautsak harrotu dituzte Australian
  • Lepoa eta eskuak aulki bati lotuta eta burua estalita duen nerabe bat ageri da bideoan. Ikerketa abiarazi du gobernuak, Malcolm Turnbull lehen ministroak aginduta, The Guardianek jaso duenez.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 26a
Australiako Don Dale erreformatorioan jazotako tortura kasuen irudi bat.

“Adingabeek Don Dale gunean pairatzen dituzten torturak Guantanamokoekin alderatu daitezke”. John Lawrence abokatuak Australiako ABC telebista katean egindako adierazpenak dira. Darwin hiriko erreformatorioan bizi diren nerabeek jasotzen duten tratua bistaratzen duten irudiak zabaldu ditu kate horrek.

Iskanbila handia eragin du kasuak Australia iparraldean. Malcolm Turnbull lehen ministroak ikerketa abiarazi du: “Torturen kultura zabaldua dagoen edo zentro honetan soilik gertatzen den jakin nahi dugu”, adierazi du. Horrez gain, John Elferink Ipar Lurraldeko Espetxe Zerbitzuetako burua kaleratu du gobernuak.

Don Dale zentroan 10 eta 17 urte arteko gazteak bizi dira. Gehienak liskarrengatik edo familiek abandonatuta iritsi dira erreformatoriora. Dylan Vollerren kasua da: bera da irudietan agertzen dena. Zentroko arduradunek bere buruari min egiten saiatzeagatik zigortu zutela adierazi dute.

Hamabi adingabe zeuden gela batean negarra eragiteko gasa jaurtitzen azaltzen dira zaintzaileak beste bideo batean. 2014an grabatutako bideoa da, eta gela hartan zegoen Jake Roper gazte aborigena. Bere esanetan, “erreformatorioan emandako denboran animalia bezala” tratatu zuten zaintzaileek.

Amnistia Internazionalen arabera, aborigena da Don Dalen dauden gazteen %96, herrialde osoan espetxeratutakoen %59 bezala. Australiak dituen 23 milioi biztanltetatik 450.000 dira aborigenak.