argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Lasagabaster, EHUko katedratikoa:
“Erreforma konstituzionala ezinezkoa denean, ondorioa sistema autoritarioa da”
  • Parlamento, Tribunal Constitucional, separación de poderes (Parlamentua, Auzitegi Konstituzionala, botere banaketa), hori da Iñaki Lasagabaster EHUko administrazio zuzenbideko katedradunaren azken liburua. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak argitaratu du. Eta tituluari ere ohar txikia gehitu dio: Kataluniari ezinbesteko erreferentzia eginez.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko urtarrilaren 15
Argazkia: Iñigo Azkona

Liburuan botere banaketa aztertzen da modu teorikoan eta praktikoan, batez ere legebiltzarra eta botere judizialaren arteko harremana, eta zehatzago esanda, legebiltzarra eta auzitegi konstituzionalen harremana. Nola egituratu ziren erakunde hauen arteko harremanak? Zer bete da eta zer ez? Funtsean, Lasagabasterrek azaltzen du legebiltzarrak bortxaezinak izan beharko lukeela auzitegi konstituzionalaren aurrean, eta oro har, salbuespenak salbuespen, baita legebiltzarkideak ere.

Bere ustez, alabaina, ez da horrelakorik ematen eta gero eta gehiago, Espainiako Estatuan Auzitegi Konstituzionalak gero eta indar handiagoa du legebiltzarraren egunerokoan parte hartu eta agintzeko, eta behar izanez gero, bere aginduak ez betetzea zigortzeko ere bai. Bereziki aztertzen du Kataluniako azken urteetako kasua, hango legebiltzarkide, gobernukide eta gizarte zibileko liderrak espetxeratuz amaitu dena.

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiari behin eta berriz emandako debekuen kasua zehatz mehatz landu du katedradikoak eta zera ondorioztatu du: “Hor argi ikusten da nola ematen den epaileen gobernua demokrazia batean, gaitza litzateke adibide egokiagoa aurkitzea. Epaileak dira Legebiltzarrean zer den eztabaidagarri zehazten dutena. Konstituzioaren aurkakoak diren legeak arbuiatzeko monopolioa du Auzitegi Konstituzionalak,  baina duen jarduna urruti dago teoria horretatik”.

 

 

Espainiako epaileen bultzada politikoaren gaia asko zabaldu da azken urteetan, ez da bakarrik katedratiko euskaldun batek esaten duen kontua. Bukaerako ondorioak berdinak ez badira ere, liburuaren hainbat pasartek eraman naute Enric Juliana kazetariak Kataluniako erreferendumaren ondoren Iruñeko hitzaldi batean esandakora. Julianak esaten zuen Kataluniako aferan ez duela bakarrik Rajoyren Gobernuak erantzun, egitura juridikoa ere bete-betean sartu dela, eta ez, askotan esaten den bezala, Gobernuaren bultzadaz, bere ekimenez baino: “Epaileak ari dira jokatzen gaur egun Madrilen bizi den izpirituarekin. Justizia mundu bat da bere horretan, estatuaren sakoneko parte bat, eta egun doktrina berri bat ari da finkatzen. Azkenean paradoxa bat gertatuko da, politika Auzitegi Konstituzionalak egingo duela eta ez legebiltzarrak, egiazki egin behar duenak. Bitxia izan da, Espainiako Parlamentuak ez du ia ezer egin auzi osoan”.

Parlamentuen bortxaezintasun kontuetan, halaber, Lasagabasterrek dio Auzitegi Konstituzionalak ez duela berdin jokatzen estatuko indar politiko nagusiekin edo, esaterako, nazionalistekin. Kataluniako aferak eta 2005eko Eusko Legebiltzarreko Atutxa Auziak aztertzen ditu liburuan, baina baita ere konstituzionalak Asturiasko edo Extremadurako legebiltzarrekin izandako ika-mikak.

Liburuan zehazten duenez, Europan tradizio demokratiko sakona duten zuzenbideetan auzitegi konstituzionalek ez dute horrela jokatzen legebiltzarrekin, eta adibide gisa jartzen du Erresuma Batukoa: Eskozian eta Katalunian izandako antzeko arazo batean aurrean, Eskozian erreferendum batekin amaitzen dute eta Katalunian erreferenduma eskatu dutenak kartzelaratuta.

Liburuaren ondorioa gogorra da: Espainiako Estatuaren osasun demokratikoa oso eskasa da. Bere ustez, “sistema konstituzionalak ez du inongo debaterik eragotzi behar legebiltzarrean, ez dago hori ahalbidetzen duen araurik, eta balego, sistema politikoak ez luke izaera demokratikorik (…). Erreforma konstituzionala edo erritu-legearen erreforma ezinezkoa denean, ondorioa sistema autoritarioa da, non printzipio demokratikoak bigarren mailako esanahia duen. Une horretan bizi gara”.