Independentziaren erreferenduma Espainiako Estatuarekiko akordiorik gabe egitea erabaki zutenetik, lehenengo bilera egin dute Kataluniako alderdi soberanistek. Kataluniako Gobernuak jakinarazi du “datozen egunetan” kontsultarako data eta galdera adosten saiatuko dela.
Carles Puigdemont, Oriol Junqueras eta Neus Munte izan dira gobernuaren ordezkariak, eta horiez gain Junts Pel Sí, PDeCAT, ERC, CUP, MES, Democrates eta Podem alderdietako ordezkariak egon dira. Catalunya en Comú-k ez du parte hartu, eztabaida gunea Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionala (PNR) izatea nahi duela argudiatuta.
Bileraren helburua alderdien iritziak jasotzea zen, Espainiako Gobernuak erreferendumaren negoziaketetan emandako ezezkoen ondorioz. Balorazio positiboa egin dute parte-hartzaileek, baina erabaki zehatzik hartu ez dutela adierazi dute. Neus Munte Kataluniako Gobernuko bozeramaileak esan du “datozen egunetan” data eta galdera ezartzea “ezinbestekotzat” dutela.
Anna Gabriel CUPeko legebiltzarkideak eskatu du hurrengo bileran “erreferendumaren bermeen eta nazioarteko jarraipenaren gaiak jorratzea”, eta Espainiako Estatuaren “diskurtso errepresiboaz” ohartarazi du.
Saez de Santamaria: “Puigdemontek erreferenduma egin nahi du, herritarrei entzun beharrean”
Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saez de Santamariak erreferenduma Kongresuan proposatzera gonbidatu du Puigdemont. Jarraian, “negoziaezina” dela esan du eta kritikatu du Kataluniako presidenteak galdeketa egin nahi izatea, “herritarrei entzun beharrean”. Azkenik, ziurtatu du popularrek Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiaren babesa dutela.