argia.eus
INPRIMATU
Erreferendumerako Legea: urratsak eta erantzunak
  • Asteazkenean Kataluniako Legebiltzarrak orain arteko desobedientzia mugimendurik handiena egingo du: Urriaren 1eko Erreferendumaren Legea onartuko du.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko irailaren 05a

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hainbatetan agindu dio Kataluniako Parlamentuari ez emateko hainbat urrats, batez ere 2015eko azaroaren 9an hark onartu zuen Independentzia adierazpena indargabe utzi zuenetik.

Asteazken goizean osoko bilkuraren aurretik egingo den bileran Erreferendumerako Legea tramitera onartuko da Legebiltzarreko Mahaian. Hori ibili da saihesten orain arte Junts Pel Sí eta hainbatetan horrek ekarri ditu desadostasunak CUPekin: Junts Pel Sík ahalik eta gutxien erori nahi zuen hau bezalako desobedientzia ekintza handian, eta CUPek desobedientzia hori gizartea erreferendumerako berotzeko tresna gisa nahi zuen.

Tramitera onartu eta berehala hilaren 5, 6 eta 7an osoko bilkuran bilduta dagoen Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utziko du urratsa Legebiltzarrera bidaliko duen mezuaren bidez. Osoko bilkura hasi egingo da eta Junts Pel Sí eta CUPeko diputatuek berau etengo dute eta proposatuko dute Erreferendumaren Legea bozkatzea eta aurrera aterako dute bien botoekin. Parlamentuko araudiko 81.3 araua erabiliko dute horretarako; oso araudi ahula da parlamentu baten ikuspegitik eta prestatua dago Espainiako instituzioetako oztopoei aurre egiteko.

135etik 72 baiezko

Oposizioaren zati batek, PSCk, C,s-ek eta PPCk alde egingo du osoko bilkuratik, bozketan parte hartu gabe; beraz, 135 parlamentarioetatik 83 geratuko dira eta Junts Pel Sí eta CUPeko 72 botoekin onartuko da legea.

Erreferendumaren Legearen hirugarren artikuluak dio lege horrek katalanen oinarrizko erabaki eskubidea arautzen duela eta ez duela Kataluniako Parlamentua ez den beste inongo aginterik onartzen. Hau da, Espainiako legediari uko egiten diola.

Oraindik giltzarri den beste lege bat onartu behar du Kataluniako Legebiltzarrak, Deskonexiorako Legea. Ez dago garbi asteazkenean bertan edo ostegunean onartuko den, eta baliteke datorren astean izatea, 20 edo 21eko osoko bilkuran.

Espainiako agintarien erantzunaren zain

Hortik aurrerakoa dena zalaparta juridikoa izango da. Auzitegi Konstituzionalak erabaki beharko du nola parte hartu. Berez, ebazpen juridikoak emateaz gain, zigorrerako ahalmena ere badu 2015eko udazkenean Kataluniako prozesuari erantzuteko PPk bideratu zuen Auzitegiaren erreformarekin. Erabiliko du ahalmen hori? Denetatik irakur eta entzun liteke, baina ez dirudi hala izango denik, Auzitegiaren barruan magistratu guztiak ez direlako erreforma horren aldekoak eta une honetan kontsentsu bidea urratu nahi dutelako. Horrez gain, legezko oztopo eta zigorrak jartzeko bestelako bide ugari ere ikusten dituzte.