argia.eus
INPRIMATU
Erreferendumaren Legea irailaren 6an edo 7an onar liteke Katalunian
  • Bartzelona eta Cambrilseko atentatuek zalantza handiak ekarri dituzte Kataluniako prozesu independentistari buruz. Oraindik airean dira horietako asko, baina urak bere onera etorri ahala, Erreferendumaren Legea irailaren 6an edo 7an onartuko dela iragarri da.

ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 21a

Iragarpena CUPeko parlamentari Mireia Boyak jakinarazi du Catalunya Ràdio-ko "El Suplement" saioan, Vilaweben irakurri ahal izan denez. Boyak azaldu duenez, data horiek aldez aurretik adostuta ziren Junts Pel Sírekin eta horrela uste duela egingo dela. Parlamentariaren esanetan, berak ez du zalantzarik urriaren 1ean hautetsontziak izango direla.

Hilaren 16an aztertu zuen gaia Kataluniako Legebiltzarreko Mahaiak. Orduan gaia atzeratzea erabaki zuen eta zalantzak zabaldu ziren erreferenduma deitzearen modeaz, funtsean ea Legebiltzarrak berak onartutako legearen bidez izango zen edo Gobernuak onartutako lege-dekretuz.

Atentatuetan erabat zentratuta, Kataluniako indepenendentismoak ez du orain arte gauza handirik hitz egin erreferendumaren egoeraz. Espainiako iturri ugarietatik aldiz, bereziki hainbat hedabide eta alderdi politikok haizatuta, egoera erabili da adierazteko une hau baliatu beharko litzatekeela prozesu independentista behingoz alboratzeko. Edozein kasutan, asko ari da azpimarratzen Kataluniak arlo guztietan atentatuei eman dien erantzuna, eta horietan dagoeneko estatu baten erantzuna ikusten ari dela.