argia.eus
INPRIMATU
Erreferendumaren aldeko sinadurak biltzeari ekingo dio berriz Hamaika Garak
  • Alarma egoeraren ondorioz bertan behera geratutako bilketari berrekingo dio Gure Eskuk eta beste 23 eragilek osaturiko ekimenak. Urriaren 31n ekitaldi kultural eta politikoa egingo dutela iragarri dute.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 01
Gure Eskuko Amalur Alvarez eta Josu Etxaburuk izan dira prentsaurrean (arg.: Gure Esku)

Duela zazpi hilabete hasi zuten “burujabetzan sakontzeko” erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa Hamaika Gara ekimena osatzen duten eragileek, baina osasun krisiak eta Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerak baldintzatuta bertan behera gelditu zen. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileek ostegun honetan prentsaurrean iragarri dutenez, berriz ekingo diote “Euskal Herrian inoiz egin den sinadura bilketa handienari”.

Bi ordezkariek azaldu dutenez, pandemiak azalerazitako krisi sozial eta ekonomikoarekin “hamaika arrazoi gehiago pilatu ditugu burujabetzan sakontzeko bidea egiteko”. Herritarrek erabakimen handiagoa behar dutela ondorioztatu dute eta martxoko ekimena orain “premiazkoagoa” dela uste dute. Osasun krisiak autogobernua “zein ahula” den erakutsi du bere aburuz, eta eskumenak zein erraz kendu ditzaketen nola Madrilek hala Parisek: “Areago, herritarrok hautatutako lehendakariak ere inhabilita ditzakete, Quim Torra presidentearekin egin duten bezala”, azaldu dute.

Erabakitzeko eskubidearen aldekoak “asko eta anitzak garela” sinetsita daudelako ekin diote berriz sinadurak biltzeari eta horretarako Hamaikagara.eus webgunera jo daiteke.

‘Altxa!’ ekitaldia Platerueneatik

Horrekin batera, urriaren 31n egingo duten ekitali “politiko eta kultural” bat aurkeztu dute Alvarezek eta Etxaburuk. Altxa! izeneko ikuskizuna izango da, ekimenaren Altxa, sinatu, erabaki leloari jarraiki. Durangoko Plateruenea Kafe Antzokian izango da emanaldia eta webgunean eta “Euskal Herri osoko herri askotan antolatutako ditugun zuzeneko proiekzioetan” ere ikusi ahal izango da.

Hainbat kulturgilek hartuko du parte, hala nola bertsolari, aktore eta musikariek. Amancay Gaztañagak zuzenduta, egun bizi dugun egoeraren inguruko hainbat “galdera poetikori” erantzuna ematen saiatuko dira bertan.