argia.eus
INPRIMATU
Erreferendumarekin lotutako pertsonak galdekatu ditu Guardia Zibilak Katalunian
  • Generalitateak atzerrian bizi diren katalanen errolda egitearekin zerikusirik duten pertsonak eta Erreferendumaren Itun Nazionalaren webguneaz arduratzen direnak galdekatu ditu.

Xabier Letona Biteri @xletona 2017ko ekainaren 28a
Gràciako Zeharkaleko Guardia Zibilaren koartelean izan dira galdeketak. (Arg.: Ara)

Denera sei bat pertsona eraman dituzte Gàciako Zeharkaleko Guardia Zibilaren koartelera, denak lekuko gisa deklaratzera. Neus Monté Generalitateko Sailburuak eraman behar zuen hasieran Erreferendumaren Itun Nazionalaren weba, baina azkenean enpresa pribatu batek bideratu du. Beste enpresa bat arduratu da atzerriko katalanen errolda osatzeko komunikazio kanpainaz, eta horkoa da galdekatuetako beste bat.

Iragan martxoan Kataluniako Fiskaltza Nagusiak erreferenduma ikertzeko lanak abiarazi zituen, baina Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi du auzia daraman epaileak ez duela galdeketak egiteko agindurik eman. Hala ere, zehaztu dute Guardia Zibila polizia judiziala dela eta egoki ikusten dituen gaiak bere kabuz iker ditzakeela.

Hautetsontzirik ez oraingoz

Erreferendumaren inguruan gero eta gai gehiago ari da pilatzen eta, esaterako, zeresan handia ematen ari da Generalitateak 20.000 hautetsontsi egiteko ireki zuen lehiaketa publikoa hutsik gelditu izana. Carles Puigdemont presidentearen esanetan, hautsontziak egiten dituzten enpresek presioak jaso dituzte lehiaketan parte har ez dezaten.

Edozein kasutan, hautetsontziena baino arazo gehiago izango ditu gobernuak bestelako gai batzuekin, esaterako errolda, behatzaileak edo funtzionarioen inplikazioarekin. Hautetsontziei dagokienez, kanpotik ekartzea edo Katalunian bertan egitea ez litzateke arazo handia. Vilawebeko artikulu honetan, esaterako, Txinatik 20 egunetan 8.000 hautetsontzi nola ekar daitezkeen azaltzen da.