Espainiako monarkiaren inguruan errreferendum bidez herritarrek erabaki ahal izateko aldarria bolo-bolo dabil, astelehenean Espainiako erregeak abdikatu zuenetik. Galdeketa egitearen eskaera oso zabaldua dago Espainiako Estatuan, baina nola gauzatu dago erabakitzeko.
IUk Twitter bidez zenbait alderdiri zabaldu die asteazkenean, esaterako, honako galdera: “Demokrazia garaia delako. Erreferenduma koordinatzeko elkartuko gara bihar?”.
Podemos, Equo, Compromis eta Chunta-ri zuzendutako txioa bazen ere, ICV edo ERC bezalako alderdiei ere egin zaie deia.
Horiez gain, IUk PSOEko gazteei ere mugimenduarekin bat egiteko eskatu die, astelehenean bertan adierazi baitzuten galdeketaren beharra. Eldiario.es-ek Alejandro Sanchez Equo-ko bozeramailearen hitzak jaso ditu: “Erreferenduma defendatzeko fronte komun bat osatu beharra dago”.
Beste bide batzuk proposatzen dituenik ere badago, beti ere galdeketa egitea oinarri hartuta. Marea Democracia mugimenduak, adibidez, deialdi plebiszitario bat antolatzeko eskaera egin du, Espainiako Estatuak ofizialki onartu ala ez.
III. Errepublikaren aldeko mobilizazioak asteburuan
Bitarte horretan, Madrilgo Sol plazako asanblada errepublikarrak monarkiaren kontrako mobilizazioen berri eman du.
Datorren larunbata, ekainak 7, Cibelesetik Sol plazara 19:00etan hasiko den manifestazioan parte hartzeko galdegin du. Horrez gain, ekainaren 11n eta 18an ekintza gehiago antolatuko dituztela azaldu dute, Espainiako Kongresuan Lege Organikoa onartu eta Errege berria koroatuko dutela kontuan hartuta.
Modu batera edo bestera, Espainian Erregearen abdikazioarekin errepublikaren aldeko mugimenduak argitzen hasi dira.
Hego Euskal Herrian ere mugimenduak
Iruñean, Donostian, Bilbon eta Gasteizen larunbaterako errepublikaren aldeko mobilizazioak antolatu ditu Ezker Anitzak.
Espainian "indarrean dagoen 1978ko Konstituzioa dagoeneko ez da tresna erabilgarria eta oinarrizko eskubideak ez ditu bermatzen", adierazi dute komunikatu batean alderdikoek, eta prozesu konstituziogile baten beharra nabarmendu dute.
Horregatik, protesta martxak egingo dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Iruñean 18:00etan, Donostian eta Gasteizen 19:00etan, eta 20:00etan Bilbon.