argia.eus
INPRIMATU
Erreferenduma egingo dute 2016an Zeelanda Berrian, euren banderatik Erresuma Batukoa kentzeko
  • John Key Zeelanda Berriko lehen ministroak bultzatutako ekimena da. Herrialdeko banderak “ikur esanguratsuago bat” behar duela adierazi du, “estatu moderno eta independente” bat delako.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 29a
Herrialdeko banderan zilarrezko garoa agertzea gustatuko litzaiokeela aitortu du lehen ministroak.

Erresuma Batuaren kolonia izan zenetik 100 urtetik gora igaro diren arren, Zeelanda Berriko banderan Union Jacka ageri da oraindik. Keyk, aldatzeko unea dela eta, 2016an bozkatzeko aukera luzatu die herritarrei.

The Guardianek jaso duenez, herrialdeko banderan zilarrezko garoa agertzea gustatuko litzaioke lehen ministroari, atzealde beltzaren gainean. Zeelanda Berriko zenbait kirol taldek dagoeneko erabiltzen dute sinbolo hori, All Blacks rugby taldeak esaterako.

Martxoan egindako inkestek betiko banderaren aldeko joera erakusten dute oraindik: %52,6 aldaketaren aurka zeuden orduan, eta %40,6 alde.

Bandera aldatu, baina erregina mantendu

Australian ere izan dira bandera aldatzeko aldizkako eskaerak, baina bigarren erabaki batekin lotu izan dute beti aldaketa hori: Australia errepublika izan beharko litzatekeen ala ez.

John Keyk, ordea, bi gai horiek banandu ditu Zeelanda Berrian. Herrialderako ikur berria nahi duen arren, bera monarkikoa dela esan du, eta hortaz, Ingalaterrako erreginak euren estatuburu izaten jarraituko duela.

2015ean egingo dute lehen erreferenduma, bandera berrien diseinuak aukeratzeko. 2016an, berriz, berriaren eta zaharraren artean aukeratu ahal izango dute herritarrek.